BERIBILDEGIKO POSTERRETAKOAK

No profile photo Post tenebras spero lucem | 2023-07-17 11:21

Otoa beribildegirat joan dut, beribila beribildegirat. Ez duke makur handirik, baina udara da eta menturaz urrun joanen naiz. Ez dut uste baina.

   Lekua lagun batena da. Beribildegi jator antzo, hainbat poster badu non-nahi, bertan hainbat neska biluzik... Ez, hainbat ez, bakarra: nerau. Aimenge nute biluzgorririk paretetan. Batean, banaiz hondartzan, bertze batean banaiz errekan, bertze batean behin neska lirain batek etorri zuen halako oto eder baten ondoan, hain zuzen aipatu neskarekin ere. Hola.

   Gazte nintzen, gazte. Hogeitaka urte banuen. Orai ere baditut, eta gehixeago troñuan. Uste eta nahi baino lehen, berrogeitaka hasi behar zenbatzen. Alta, oraino ez. 

   Nagusia jin zait.

   -Aspaldiko, no !

   -Iaztik ez, bederen !

   -Ez eiki. Goazemaxu turrustako baten hartzerat.

   -Ox !

   -Matias, gure neskatxarekin banoak zintzur bustitzerat. Heldu nuk.

   -Zoazte, zoazte ! Ziek sartu eta geroni aterako gitun-Matiasek, bertze bi lankideez kestione.

   -Bai, horixe !

   Gure neska Selene da eta nagusia Ibabe. Berau 80ko hamarkadako gaztea badugu. Selene ondoko hamarkadako abiaduran sortu zen. Ibabek haren ama bazuen lagun. Ibabe orduan Iruñean ari zen, ikasten eta lanean ari ere. Ikasten, NUPen (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) ari zen, goiko eraikinean, eta lanean AEKn (Iruñean ikasketak bururatu, sorterrirat itzuliko zen, eta bertako IKAn hasiko). Arren, laguna neskatilaz erdi zen eta Selene eman zion izena ondu zuen bikoteak. Ibabek izen horri xarmanki iritzi zion;  idazten ari zen narrazioneño bateko pertsonaia nagusiak artean izenik ez eta horixe ukanen zuen (narrazioneak "Atxik, Selene !" ukanen zuen izenburua, eta halako saria ukanen Iruñeko Herriko Etxearen Ipuin-lehiaketan). Ibabek oraino badu orduko sasoi hartan plazarat eman zuen usai goxoa, flaskoa oraino ere badu eta bertan hainbar xorta; tarteka, zabaldu egiten du, usaia aditu eta sasoi hartan sartzen da pixkirrin batez. Iragan-mina bere unen jabe da, bere garunaren jabe, bere bihotzaren guzizko jabe, erran gabe doa.

 


Utzi iruzkina: