Bai... ez...

No profile photo Post tenebras spero lucem | 2023-03-19 17:41

Atzo bertze neska bat lotu zitzaidan (aurtengo lehena. Iaz biga lotu zitzaidan... Ez, higa. Ni ez nitzaio gogoko ezeini lotzen: ezezko biribila dut eskuratuko. Baiki). Banintzen ostatu baten terrazan, hain xuxen erosi berri nituen liburuei dataren idazten eta neska gogoangarri bat parean eman zitzaidan eta solasean hasi. Nik, lorian,  guziz maitemindurik entzun nion eta so egin. Garagarjusa nahi zuen eta huraxe ekarrarazi nion, garagarjus iluna ekarrarazi ere. Ezagunik omen ninduen eta enekin solastatzeko adorea hartu zuen. Tar-tar-tar. Arropa aski arinetan bazen. Noizbait, galdegin nion eian biharamunean Arabako Arrangua biluzle belartzerat jinen zen. Hura baietz, popabixtero bazela eta eian bertze neska bat jin ote zitekeen, hura sagarbixtero baizik ez. Nik loriaturik baietz, bai, ua , eko. Ez zekien aipatu belartze hori non zen, baina begiratuko zuela etxen, ordinagailuan. Nik azaldu egin nion. Hura futitu egin zen. Elez ari izan ginen luzaz, bertze garagarjus bat edan genuen. Gostu-gostuan izan ginen elkarrekin. Haren hortzaginak oro ziren eta osasungarri. Ni hortz- artazalearenerat joan behar. Ene lotsa betidanikoa ! 

   Halaxe izan zen atzo...

   Edo, berdin, hunelaxe... Honatx:

   Ni banintzen berber ostatuaren terrazan, berber garagarjusa mahain gainean, bertan berber liburuak eta bertze neska bat eman zen ene parean, berau ere gogoangarri, lehenxeagokoa bezain gogoangarri, edo aukeran areago. Solasean hasi zitzaidan, begi ñabarra zen, natatsu, lehenxeagokoa bezala arropa arinetan, arinagoetan; tar-tar-tar, harendako garagarjusa galdegin nuen eta noizbait erran nion greugarri nintzela txit eta txoil, ez nuela nahi ene aldetiko ezatseginkeriarik ukan lezan, nik badakidala ezatsegin izaiten, ezatseginkeria galantak egiten ditudala eta ez nuela harendako halakorik nahi. Hura ahoa bete hortz; eta nik segi, baizik ez zirela ezatseginkeriak deus berezirik, halako zer bitxirik ez: ezatseginkeriak gizatiar huts naizelakotz heldu zaizkidala, gizatiar huts eta hutsala naizelakotz, azken finean gizaki huts naizelakotz, eta ez nuen nahi halakorik harendako (gauza naturalak izanagatik, zer erranik ez ospitaleetako langileendako gauza naturalak eta, batzuetan, behar-beharrezkoak adituak azter ditzantzat); izanez ere, zeinen zen maitagarri neska hori eta ez nuen zapuztu nahi, maitagarriago lehenxeagokoa baino. Liburuak bizkarzakuan sartu, matrail batean patto eta alde egin nuen, lekuak ziztuan hustu nituen: bertze liburu denda batean sartu behar nintzen bertze liburururen bat hartu nahiz, eta iduritu zitzaidan halakorik ez zela agitu, halakorik ez zela agitu iduritu behar zitzaidan. Oraino ere banago agitu ote zen. Bai... ez... Baiezkoan naiz, baina aments soil gisako zait. egi-egia erran, zalantzan nago.

   Ekheerritan naiz. Goxo. Garagarjusa fresko. Nihaur naiz. Igarikagia mukuru, ura hotzik... Udako bakantzak. Gero zinemarat. Irati dut ikusiko. Bihar ait´et´amenganat. Zeinen edderki bizi naizen. Eian ez naizen erituko.

 


Utzi iruzkina: