AMATXI

No profile photo Post tenebras spero lucem | 2023-03-10 15:22

Ama dut egunean ikusten dudan lehendabiziko emaztekia. Ama. Amatxi erraiten diogu; izanez ere, amatxi baita: bortz arrahaurren amatxi. Enerik ez. Ez naiz aita. Asmorik ere ez. Mementokotz ez.

Aspaldion, goiz aantxu oro dut hartzen, ez baitut lanik egiten, eri agiria baitut. Alabainan, Olentzero bezperan eritu nintzen, halako xomorroa sartu zitzaidan odolean eta oraino ere banaiz eri agiriaren baitan, ospitalean hilabete pasatxo emanik. Latza izan zen.

Egunotan, karrikan hotza eta gizarte etxerat joaiten ohi gara, bertako ostaturat. Ez dut sobera maite, bai baita kafesnea basoz kafesneño, eta inguruko zein-nahi ostatutakoa baino karioxeago, bainan hor bero da, bertan bero da. Inguruko ostatuetan sartu eta beroa nabari, baina handik guttirat fresko. Aitzitik, gizarte etxekoan beroa beti. Halakotz, bertarat, eta aroa bero arau nahiago terrazaren batean.

Amatxi zaindu egiten dut. Amatxi zaindu egiten dugu denok. Amatxi zaindu egiten dute. Zaindu egiten dute egoitzako langileek eta usu eskertu egiten diotet. Halako konfientza ardietsi dut eta noiztenkako arraileria artean eskertu egiten diotet lana, eta poztu ere egiten naiz battoren batek erraiten didalarik biharamunean edo bakantzatan badoatzila, edo bizpalaur egunarte badutela. Holaxe.

Amatxi hartzen dudalarik, gizarte-etxerat, bertako ostaturat, bertan bero baita, izan. Kafea urri, amatxi urre. Ez dit fitsik ere kondatzen. Nik kondarazi nahi, baina ez du ihardesten, loak ere hartzen du zenbaitetan, hain goxo senditzen baita, xapi xuritan txit bero bezain goxo. Ni churrea ni murrea erraiten ohi zuen bertze batzuez kestione hura artean untsa zeno. Erori eta aldaka edo mokorra hautsi izan ez balitzaio ! Geroztik, jai. Denaren egitetik deusik ez egiterat sekonta bakar batean. Ondikotz !

Amatxi utzi eta auzoko haur eskolarat joaiten ohi naiz ni honelaxe ari naizen sasoi hunetan. Bada, izan, eskola horretan neska bat zinez gogoko dudana eta poz-atseginez biltzen nauena lanetik atera eta ikusten nauelarik. Elkartu eta ondoko jatetxe batean bazkaltzen gara. Neronek dut ordaintzen. Neronek diot arropa lisatzen harenean gaua eman eta biharamun goizean, baita kidearena ere. Beronek arropa gutti jaunzten ohi du, berau txit llabur eta kulotarik ez du ibiltzen ohi. Udan bikiniaren kulota baizik ez du ibiltzen -igerilekuan, kasu- eta, beraz, kulota baizik ez diot lisatu behar, batek jakin ba ote duen ere, bai naski, balekibale, edo ez: unangaltzamotxak baditu aunitz. Xarmanki, arren ! Nik batzu-batzuetan galtzoinik ez baina emeske ibiltzen naiz taigabe; astozuriaren gainean ere galtzoina soinean guziz berotuko ez banaiz ere. 

C´est tout.

 

 

 


Utzi iruzkina: