ALUXKA
...tupustean eta ezenustean, baina, eskuaraz hasi ziren, hasi zirenez. Ni ahoa bete hortz.
Izanez ere, halako errekan ginen; nik begiz jo nituen eta haienganik askitto hurran eman nintzen, errexal baten gezizapean. Haiek ekheerritan ziren, errara etzinik, biluzgorririk, ixtapea aratzik.
Zelako erreka Espainia behere horretan da, El Robledo aldean, Cidad Realen.
Hainbat argazki egin nien lo zirelarik eta, logaleturik, konorte gutti nuela profitatu, bainujantzia erauntzi eta goxo-goxo egin nuen lo. Atzarri nintzelarik, zirelako neskak ez ziren, xukaderak bai baina: ez ziren joanak. Uretarak begiratu eta bertan ziren, pulunp; denbora luzea egin zuten uretan, kaposote eta kaputzete, eta harat xukaderetarat heldu, harat hirur mirariak larru-has heldu, hain xuxen hamaikatxo jenderen artean, hamaikatxo sagar-agerikako artean, glazara erosi berri zuten bi neska panpoxaren parean. Xukaderalderat heldu eta xukatu egin ziren, atsegin handiz xukatu ere, tupustean eta ezenustean, baina, eskuaraz hasi ziren, hasi zirenez. Ni ahoa bete hortz.
Nola edo hala lotu behar nintzaien, hitz erditxo erran behar nien. Nulaz, baina, ez nekien eta ama deitu nuen harexek deit nazantzat. Eta deitu egin ninduen.
-Bo, huna deia. Ze gisa ari haiz, seme ?
-Ezin hobeki ! Banuxu orai halako errekan, gerizapean eian azala ontsaturen zaidan, eta heben txit ongi.
Ama izigarri poztu zen; halarik ere, muina ez zen gure solasa, deitu izana, ezta ama poztu izana, neskek eskuaraz entzun izan baizik. eta entzun egin zidaten, garbi entzun ere, eta amarekikoa utzirik eni so baratu ziren eta elkarri elekatu.
-Nungo eskualduna hugu hi, to ?
-Gasteizko.
-Haugi ! Haugi gure arterat dohatsu izaiterat !
-Garagarjusak baditiagu.
-Toña, Nikaraguakoak.
-Herrian bazitiztean.
-Harritzekoa beita.
-Eta baita estonatzekoa ere, txundiitzekoa izaiteaz gain.
-Bo, ez dugu pottikoa gure gramatikakeriaz eragotziren. Haren eragoztekoa ukanen dinagu bertze noizbait guri ihesi hasiren ez bada, gaixoa. Zintzurra busti nahi gureki ?...
-...Lamia gitunan hauekin ?
-Lamia, baiki ! Ez ote gituna ikusi uretarat joaki eta hunat itzulian ? Ahate antzo gabiltzak...
-Bai pitoak ziek ! Ez izi, gero, umea ! Ondootan eskualdun bakarra ez uxaturen ? Ez, ba ! Haugi ! Haigu, txotxito !
Zena zela, dzuintaz joan nituen ene puxkak, dzuintaz ere neronen burua horrako neska xarmegarri horiengana!. Hirur ziren eta hirurek ixtapea soil. Bi aste emanen genuen elkarrekin. Ama pozikago izanen zen horren guziaren berri jakinik. Aluxka ez bertzerena hi, seme maitea ! Debru kixkila !
Iruzkinak
Utzi iruzkina: