Intimitatea...zer da hori?

No profile photo Noizbait | 2009-03-12 20:50

Morboa, horixe da gizarte honen eguneroko elikagaia. Zergatik? Galdetuko diozue zeuon buruari, baina saltzen digutena, egunero barneratzen duguna eta gure jokabideak ikusi ondoren agian, nirekin bat egingo duzue.

Hitz hau definitzea zaila dela esango nuke, baina argi dago, egunero saltzen dizkigutela eta saltzen dizkiguten heinean kontsumitzen ditugula, bai morbo kutsudun albisteak baita halako egoerak ere. Adibide gisa, iaz denon ahotan ibili eta asko harritu ez gintuen kasu bat.

Bizkaiko neska batek mugikorra galdu zuen egunean hasi zen istorioa. Neska honek antza denez, bideo "morboso" batzuk zituen bere mugikorrean. Bere mutil-lagunari oparitxoa egiteko asmotan grabatuta zituen bideo batzuk, non bere burua masturbatzen agertzen zen. Aurkitu zuenaren zorionerako noski! Sorpresatxoa mutilari emateko asmoa baldin bazuen ere, sakelekoa aurkitu zuenari eman zionarekin konparatzerik ez. Handik gutxira Hego Euskal Herri osoan zehar zabaldu ziren bideo hauek! Eta makina batek momentu eder askoak pasa ere bai, neska gaixoaren kontura.

Horrelakoxea da bizitza, esango lukete batzuk. Ez dago eskubiderik beste batzuk. Neska axolagabea izan dela ere entzun behar. Eta lau-bost aldiz pentsa ostean, mugikorra aurkitu zuena burutik jota ote dagoen ere galdetuko zioten batzuk euren buruei. Baina neskaren azalean kostata jarriko ginateke. Orain bai, orain denok ausnartu dugunean eta gaizki dagoela ikusi dugunean, berarekin gaude. Neska gaixoa errepikatzen dugu behin eta berriz. baina... gu sakelekoa aurkitu zuenaren kasuan egongo bagina? begiratu ere egin gabe geldituko al ginateke? Horrelako grabazioren bat aurkituz gero ez al genioke inori erakutsiko? Ez dut uste behar bezain barneratuta ditugunik zer den etikoa eta zer morala. Eta ez dut uste inori erakutsi gabe eta sakelekoan arakatu gabe itzultzeko gai izango ginatekenik. Hala ere esan beharrean nago gauza bat bideoa ikustea dela eta bestea hau zabaltzea ingurukoen artean, gaur egun horrelako berri "morbosoek" hegan egiten dutela aski jakina baitugu.

Horra morboaren definizioa azkenean!

 


Utzi iruzkina: