Trilogia

neretto 1456151779299 Gazi-gozoetan barna | 2017-12-05 23:03

-I-

Mezua

"Sargoria, hitzordua, harridura". Neure barnean behar du egon loturak. Hala beharko du. Zer nahi ote du? Hiru hitz horiek bidali dizkit, emotikono banaz lagunduta. Hiru buruhauste: sargoria, hitzordua, harridura.

Sargoriarekin nuen hitzorduak harritu zaitu... saiatu naiz. Edo harridura sargoria bezain astun sartu da gure hitzordura...edota hitzorduak harritu eta urrundu du sargoria? Hitzorduak sargoritu harridura, agian? Harriduraz sargoritu hitzordua. Hamaika lotura, beste hainbeste buruhauste. Zer arraio nahi du?

Arratsalde sargoritsu honetan, hura hitzordura iristen denean, harrituko naiz, hain erraza baita erantzuna: harridura lehenbizi; hitzordua ondoren; sargoria eta gu, azkenik. Gero, gerokoak.

-II-

Birigarroeraz

Parkeko astigarrean dagoen birigarroak nekez igar lezake metro batzuk beherago, zuhaitzaren gerizpean, harat-honat dabilenaren aztoramena. Birigarroek kantuka kortejatzen dituzte bikoteak, arbasoek mendeetan egin bezala, ezer gutxi dakite horretarako txio teknologikoak erabiltzen dituzten horietaz.

Sakelekoa eskuan, harat-honat dabilenak ere ez dio oraindik erreparatu txori txikiaren kantuari, nahikoa du bere buruhaustea ebazten saiatzearekin: "hitzordua, harridura, sargoria", emotikonoak. Bost axola berari birigarroak zenbat esaldi mota erabiltzen dituen emeak erakartzeko. Hiru hitz ditu berak. Pantailari so egiten dio, behin eta berriz, bertan dagoena ezin argituz. Eskuak izerditan ditu, sargori dago.

Halako batean, birigarroaren kantuaren frekuentzia aldatu egin da, antza, orbela zapalduz hurbiltzen ari denaren urratsak entzuteaz batera. Azkar dator, hitzartutako ordutik bi minutu pasatxo. Harat-honat zebilenak sakelekoa ezkutatu eta gora begiratu du une batez, birigarroaren aldera. Txoria goraxeago hegaldatu da, gizaki ahotsek asaldatuta edo, eta adar altu batean pausatu da. Handik urruntzen sumatu ditu ahotsak, eta atzera kantuari ekin dio: harridura erraza da, harridurari egunero eustea gaitzagoa, bertsook osatu ditu, birigarroeraz.

-Ederra birigarroaren kantua!-Ohartu da azken iritsi dena. Baina, tamalez, ez du ulertu txoriaren gomendioa.

-III-

Gako hitzak

-Aizu, oroitzen gako hitzak?

-.................

-Bai, txo! Aurrekoan eskatu zenizkidanak! Programa abian jartzekoak! Harridura, hitzordua...

-..................

-Horixe, sargoria! Bada, zuri bidali aurretik nahastu egin nintzen eta lankide berriari bidali nion mezua, badakizu, administrazioko horri. Ohartu ere ez nintzen egin egindakoaz bere erantzuna iritsi zitzaidan arte.

-..................

 -Bai, ados, halakoak gertatzen dira, baina haratx zer erantzun zidan: "Harrituta, bai, harrituta nago. Hitzordua non eta noiz?

- ..................

-Ez, ba! Lotsa eman zidan okertu nintzela esateak; gaurko gelditu gara, orain, 6etan parkean.

-..................

- Zer egingo dut, bada? Agertu! Ezingo nioke aurpegira begiratu, bestela! Hara joan eta datorrena datorrela!

-..................

- Egia esan, kitzikatua ere banago, ez nuen uste halakorik gertatu ahal zitzaidanik nire adinean.

-..................

- Bai, bai, itzela! Programan sartzeko gako hitzak, eta auskalo zein saltsatarako pasahitza!

-..................

- Tira, banoa, berandu iritsiko naiz bestela!


Utzi iruzkina: