Mi maiorreko allegretoa

neretto 1456151779299 Gazi-gozoetan barna | 2017-12-09 22:20

Gabetze-agindua iritsi zen, eta klabea eraman ziguten; ez genuen jakin zein tonutan abestu, eta lehen afinatze eztabaidak ekarri zituen horrek. Konpasa kendu ziguten hurrena, eta gure arnas urdurien erritmo irregularrak hartu zuen zuzen-makila allegrotik ritardandora. Notak arrastaka eraman zituzten, txuriak, beltzak, kortxeak eta fusak, kexu soprano eta baritonoei entzungor. Afinatze eztabaidak bukatu ziren. Pentagrama biluzik, marra paraleloen destinu petrala baino ez genuela uste genuenean, txantxangorri bat pausatu zen lehenengo lerroan, eta Mi ozen harekin hurrengo kanturako tonua ematen ari zitzaigula sinistu genuen.


Utzi iruzkina: