Marieren agindua

neretto 1456151779299 Gazi-gozoetan barna | 2017-12-05 22:37

Ospitalera gaueko txanda egitera doa Marie gaztea. "Gaixotasuna medikuen kontua da, erizainok gaixoak artatzen ditugu" esaten zioten Unibertsitatean, eta berari gaixo bakarra zetorkion orduan akordura, eroriko batek ohatzera iltzatu zuen anaia bikia, Thierry, eta bere zortzi urteko endekatzea. Mariek eraman izan dio biona behar zuen gaztaroa oheraino -"zerraldoraino", zuzenduko zion mutilak-. Anaia munduan zurkaiztu nahi arrebak; haren ifrentzua desio besteak. Mundu horren gabeziak puztu baitu, hain zuzen, Thierryren borondatea, harantzago hemen baino hoberik ba ote den endelegatzeko gogoa, eta horretarako laguntza eskatu dio Marie kuttunari, arreba leialari. "Erizainon ardura dira gure gaixoak", oldoztu du gazteak. Gaur Thierry askatuko du, baina asteak beharko ditu bere burua ere askatu duela ohartzeko. Sekula damutuko ez dela agindu dio zeru-sabai izarniatuari.


Utzi iruzkina: