Nairobitarraren historia
**Ikusi Irudimenezko bidaiak argazki albuma**
Lehenengo Nairobitarra (SS-65455)
Tolosan autobusa har daiteke hainbat lekura joateko: Donostiara, Iruñera, Madrilera… Baina 1980. urtean autobus zahar batera igo ziren Angel Ortiz eta Manuel Mokoroa gidariek eta beste hamazazpi bidaideek jomuga bitxi bat zuten: Nairobi, Kenyako hiriburua, Afrika erdialdean. Aldez aurretik ezarrita dauden bideez gain, norberak bere bidaia amestu, prestatu eta bete dezake. Zergatik ez Tolosatik Nairobira?
Hemeretzi lagunek eta autobus zaharrak hiru hilabete, hamar mila kilometro eta hamaika komeria pasa zituzten, eta Saharako hareatzak eta Afrika ekuatorialeko oihanak zeharkatu ondoren, Nairobira onik iritsi ziren. Autobusa, ordea, nahiko egoera txarrean heldu zen eta bidaiariek ez zuten uste bueltatzeko gai izango zenik. Azkenean, Kenyako Gobernuak erosi zien autobus zaharra, bertako futbol talde bati emateko. Hemeretzi bidaiariak hegazkinez itzuli ziren Euskal Herrira.
Bigarren Nairobitarra (SS-5732-A)
Handik bi urtera, 1982an, kamioi zahar bat erosi zuten Angelek eta Josu Iztuetak, eta bertan hogei lagun bidaiatzeko prestatu zuten: oheak, mahaiak, sukaldetxoa… Urtean hiru edo lau aldiz bidaiak antolatzen zituzten jende gehiagorentzat: batzuetan Afrika iparraldera (Sahara basamortuan zehar), beste batzuetan Europan (Iberiar penintsulatik Eskandinaviaraino).
1989. urtean autobus hau Amerikara bidali zuten itsasontziz. Han, Ipar Amerikan bidaiatzen hasi eta pixkanaka hegoalderantz joan ziren: Ertamerikara eta, 1995ean, Hego Amerikara. Ia kontinente osoan zehar ibilbideak bete ondoren, Nairobitarra Asiara itsasontziz bidali nahi izan zuten, ondoren Asiatik Europarainoko bidea bete eta munduari buelta osatzeko. Baina Asiako hainbat herrialdetan egoera nahasi samarra zegoen, talde handiekin bidaiatzeko arazo gehiegi sor zitezkeen, eta azkenean asmoa bertan behera gelditu zen. Bidaietan ere, asmo guztiak ezin dira bete eta bidea non bukatu asmatu behar da.
2002an, Nairobitarra Hego Amerikan betirako geldituko zela erabaki zuten Angelek eta Josuk, eta han bidaia gehiago antolatzeko asmorik ez zutenez, autobusa norbaiten mesederako ematea bururatu zitzaien. Txilen haur umezurtzak eta pobreak zaintzen dituen zentro bati eman zioten autobusa, haur horiek ere erabiltzeko aukera izan zezaten.
Nairobitarra III (SS-97274)
1989. urtean Nairobitarra II Atlantikoz bestaldera eraman zutenean, beste autobus zahar bat erosi zuten etxean, hemezortzi urtekoa. Eskola garraioa egiten zuen autobusak eta bidaiatzeko egokitu zuten.
Nairobitarra III honekin Afrika iparraldean eta Europa osoan ibili ziren hamalau urtez, 2003an erretiroa eman zioten arte. Eta beste erabilpenik aurkitu ez ziotenez, 2004ko udazkenean txatartegira bota behar izan zuten.
Hala ere, Nairobitarrak bizirik dirau, izen horren atzean ez dagoelako ibilgailu zehatz bat, ideia bat baizik, bidaiatzeko modu bat, hogeita bost urtetan milioi bat kilometro inguru egin dituena. Nairobitarrak bidean jarraitzen du.