Ilusioz beteriko eskola, gurpil gainean
1993eko eguberrietarako Plymouthtik (Ingalaterratik) etorri berria nintzen. Erasmus (ados, orgasmus) beka batekin hilabete batzuk eman nituen han, eta gustura nengoen, itzultzeko prest, baldin eta etxe aldean lanik ateratzen ez bazen behintzat. Itzultzear nengoela ordea, Josu Iztuetaren dei bat jaso nuen. Badakizue… munduan gutxik izanen dute hark adina gaitasun jendea konbentzitzeko, eta iparrorratza Ingalaterrako Unibertsitate batetik Txaramako pabelloi bateruntz jiratu zen. Ez nekien zertan sartzen nintzen, baina bai proiektua nondik zetorren, eta horrek konfidantza eman zidan.
Zer zen, bada, Txaraman prestatzen ari zen hori? Donostia-Tolosa autobus konpainiako nagusiek txatarrara zihoan 26 urteko autobus bat eman ziguten kultur-ekimenak martxan jartzeko eta Anjelen laguntzarekin sei bat hilabetez lan egin ondoren, autobus hura eskola ibiltaria bilakatu zen 1994ean. Egia esan, artean ez nuen ulertzen zergatik behar genuen katxarro zahar hura ingurugiro-hezkuntzan aritzeko, baina Josu gehixeago ezagutu eta atzera begiratuta, orain garbi ikusten dut ezin zuela bestela izan.
Josuk urte erdia kanpoan ematen zuenez, autobusa batetik bestera eramateko beste txofer baten beharra genuen. Nik orduan kotxerik ez nuen, eta norbaitek utzita ere, nahiago izango nuen dedoz edo bizikletaz jaitsi Leitzatik Tolosara gidatzen hasi baino. Gauzak horrela, Nekane Urkia izan zen ordezko gidaria. Eskola ibiltarian ikasleak ingurura begira zezaten saiatzen ginen, eta klima, landaredia, fauna, geologia eta gure kultur-ondarea ezagutzea animatzen genituen. Diapositiba emanaldiak, jokoak, esku-lanak eta abar erabiltzen genituen horretarako. Baliabide gutxi genituen, baina ilusioa sobera, eta kafetera zahar hura Tolosa, Donostia, Leitza, Goizueta, Baztan, Iruñea, Irurtzun eta inguruko eskola, zahar etxe, euskaltegi, herriko plaza eta abarrera iritsi zen. “Autobus berdea” izenez ezagutzen genuen, eta behin Iruñean lanean geundela, billabesako txofer bat hurbildu zen guztiz harrituta. Egunkarian “autobus berdea” iritsi zela irakurri zuen, eta kutsatzen ez zuen motor bereziren bat ikusiko zuelakoan hurbildu zen. Aurkitu zuena ordea, kolore berdeko 600.000 kilometro baino gehiago zituen erlikia hura izan zen.
Ez dakit proiektu haren kontuak nola atera ote ziren, baina imajina dezaket. Ziur esan dezakedan gauza bakarra zera da, nik lan egin nuen egun bakoitza zintzo aski kobratu nuela. Ez dut uste enpresa askotan gertatzen denik hori, alegia, aurrena langileek kobratzea eta zeozer gelditzen bada, enpresa martxan jarri duenak egitea; baina jakina, proiektu hura berezia zen, eta ekonomia hirugarren B mailako kezka zen eragileentzat.
1997 arte eskola hartan denetatik egitea tokatu zitzaidan. Gogoan dut behin bideei buruzko hitzaldi bat eman behar izan nuela Tolosako Trianguloan, eta gaupasa egin nuela ohean bueltaka nik zer arraio kontatu behar nuen eta ni baino egokiagorik ez ote zegoen pentsatuz. Dena dela, hitzaldia ongi joan zen. Egun bat eta hurrengoa feriante modura egin ondoren, azkenerako jende aurrean aritzeko trebetasun puska bat hartu nuela uste dut. Eta uste dut gerora ezin hobeki etorri zaidala eskola ibiltaritik pasatu izana. Atzera begiratuta, oroitzapen politak ditut, eta billabesa edo Donostiako autobus berdea ikusten ditudan aldiero, eskola bat ere izan litekeela pentsatzen dut. Eta egitan uste dut autobus berde xume hark arrasto polita utzi zuela pasa zen leku guztietan. Eta, noski, hori gauza ederra da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: