Dina Bilbaoren omenez

nairobitarzaleak 1456151749136 Nairobitarra | 1997-12-14 13:39



Dina 1960ko azken egunean jaio zen Ondarroan. Medikuntza ikasketak hasi eta Psikologiakoak aukeratu zituen ondoren, eta Tolosan hamabost urtez bizi izan zen.



Euskarazko klaseak ematen, eski monitore eta piragua irakasle gisa atera zuen bizimodua Dinak, baina txikitan eta gaztetan hamaika lan eginak zituen antxoa garbitzen, ogitartekoak prestatzen edo inkestak egiten.



Bere kirol ibilbideagatik egin zen Euskal Herrian ezaguna, baina berandu ekin zien lehiaketei, hogei urteak pasatuta, 80ko hamarkadan gauzak bestelakoak zirelako: emakumeak ez zuen ia lekurik kirolean, ezta bizitza publikoan oro har. Horregatik aitzindari izan zen Dina, hainbat emakume kirolari gazterentzat erreferentzia. Hurbiletik ezagutu genuenok badakigu bizitza bera hartzen zuela kiroltasunez.



Iraupen eskian eta txirrindularitzan eman zituen lehenengo urteak, eta ondoren triatloian aritu zen buru-belarri. Ehun triatloi baino gehiago egin zituen, beste berrogei bat neguko triatloi eta hirurogei bat duatloi. Berdin zitzaion luzeak ala laburrak izan, etxe aldamenean ala urrutiko lurretan.



Izan ere, kirola aitzakia hartuta munduko hainbat eskualde ezagutu zituen: Laponia, Groenlandia eta Alaska eskiz; Ipar Amerika eta Eskandinavia bizikletaz; Nilo ibaia piraguaz; Andaman irlak arraunean…


1995ean Karibeko Antigua uhartera joan zen bizitzera. Eta 1997ko Sanjoan bezperan hango uretan desagertu zen Iñigo Rossekin batera.



Utzi iruzkina: