Blog honi buruz
Nairobitarraren gurpilean edo Josuren eta Angelen ondoan, noizbait ibilitako lagunek abiatutako bidaia da blog hau: oroitzapenen eta bizipozen, emozioen eta ametsen lurralde birtuala. Ongietorri!
Josuk eta Angelek, Angelek eta Josuk, hainbat mundu, mundu hainbat txoko, txoko hainbat jende, jende hainbat bihotz zabaldu dizkigute. Bizitzari beste modu batera begiratzeko begiak eskaini dizkigute. Eta ibili horietan, oharkabean, beti izan dira bi bidai paralelo: bata errepide, gurpil, bizikleta, eski, piragua… gainean kilometrotan, egunetan, itsas miliatan, tenperatura gora-beheretan erregistratua geratu dena. Eta bestea geure barne geografian barnako bidaia, geure bihotzondoetako txoko barnekoenetara… solasaldietan, keinuetan, barreetan, oroitzapenetan… erregistratzen den beste bidaia hori.
Geure baitako lurraldeetan egindako bidaia horren bitakora koadernoa da blog hau. Norbere barneko txoko horretatik jaio eta idatzitakoa. Nairobitarrak esku-frenua bota arren, bidaia horrek ez baitu etenik. Eta Josu eta Angel ere ez baitaude geldi. Angelek jarraitzen duelako amets berriekin ametsetan eta Josuk ere jarraitzen duelako bere furgonetarekin bide berriak zabaltzen, beti-betiko begiekin.
Ongietorri, beraz, blogosferara, Josu, eta bidaide guztiak. Bidaia birtual hau, bitakora koaderno hau abiatu besterik ez da egin. Zabal-zabalik dago lurralde eta ibili berrietara, bidelagun bakoitzaren barrutik jaiotzen diren lerro berrietara.
Zure kronika edo omenalditxoa blog honetan gehitu nahi izanez gero, idatzi mesedez helbide honetara: nairobitarzaleak@gmail.com
Eskerrak eman nahi dizkiegu eibartarrei (Eibar.org) emandako laguntza teknikoagatik, Veronicari eta Txarliri testuak itzultzen egindako lanagatik, Loreri, diapositibak eskaneatzen hartutako denboragatik, ... eta etorkizunean blog honetan parte hartuko duzuen guztioi!