Tratu txarrak zumaian

nahitaezin 1456151742807 nahitaezin | 2007-11-24 11:46

Orain arte, 2007an hiru salaketa jarri dira Zumaian; igandean Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da

Datorren igandean, azaroaren 25ean, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Beste urte betez, genero indarkeriako biktimak gogorarazteko eta eraso horiek salatzeko hainbat ekitaldi antolatuko dituzte han eta hemen. Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuak gai horren inguruan zenbait datu publiko egin nahi izan ditu.

Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuak igorritako datuen arabera, bukatzear dagoen 2007 urtean hamahiru pertsona pasa dira departamentutik eraso sexual eta tratu txar fisiko zein psikologikoak jasan edo eragin dituztelako. Guztiak, bat izan ezik, emakumezkoak dira. Gizonezkoaren kasuan, bere bikotekideari tratu txarrak eragin ondoren eskatu zuen laguntza. Hamahiru kasu horietatik bederatzitan, laguntza lehenengo aldiz eskatu dute. Beste lauren kasuan, aurreko urteetan egindako eskaeren jarraipenak dira.

Gizarte Zerbitzuen departamentura laguntza eske joaten diren pertsonek psikologoen laguntza jasotzen dute. Ondoren, psikologoek horrela gomendatzen badute, tratamenduan jartzen dira. 2007an lau emakumek eta gizonezkoak psikologoaren laguntza jaso dute eta beste zortziri tratamendua eman zaio. Horretaz gain, kasu bakoitza aztertu ondoren eta horrela egitea onartzen bada, Udaletik bestelako laguntza motak (ekonomikoa, ostatua...). jasotzen dituzte.

Era berean, nabarmendu behar da 2007an lau emakumek tratamendua jaso ondoren prozesua bukatutzat eman dutela. Txanponaren beste aldean, tratu txar fisiko edo psikologikoak jasateagatik hiru salaketa berri jarri direla nabarmendu behar da.

Ezkonduta eta seme-alabekin

Arestian aipatu bezala, 2007 urtean departamentutik eraso sexual eta tratu txar fisiko zein psikologikoak jasan edo eragin dituztelako pasa diren hamahiru pertsonetatik hamabi emakumeak dira -tartean gizonezko bakarra dago-. Gehienak (8) ezkonduta daude, lau bananduak eta bakarra ezkongabea da. Hiru atzerritarrak dira (Txile, Venezuela eta Errusia).

Adinari dagokionez, bataz bestekoa 45 urtekoa da. Gehienak, bost, 31-40 urte artekoak dira; beste lau, 41-50 urte artekoak; hiru, 51 urtetik gorakoak, eta bakarra, 30 urtetik beherakoa. Tratu txarrak adin guztietan ematen dira, eta horren adierazgarri da Gizarte Zerbitzuen departamentutik pasatako emakume gazteenak 29 urte dituela, eta zaharrenak, 74 urte.

Deigarria da, era berean, ia kasu guztietan, bakar batean izan ezik, seme-alabak daudela tartean.




Utzi iruzkina: