Julene Azpeitia ipuin lehiaketa

nahitaezin 1456151742807 nahitaezin | 2007-11-14 18:41

Aurkeztu diren idazleen artetik bost zumaiarrak dira

Urriaren 31n bukatu zen Julene Azpeitia Ipuin-lehiaketako lanak aurkezteko epea. Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuko arduradunek emandako datuen arabera hogeita bederatzi lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara. Epaimahaia abenduan bilduko da ipuinak irakurri eta onenak zein diren erabakitzeko. Sari-banaketa otsailera arte ez da egingo.

Josune Herrarte Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak emandako datuen arabera, XX. Julene Azpeitia Ipuin-lehiaketara hogeita bederatzi lan aurkeztu dituzte, joan den urtean baino zortzi gehiago. Idazle gehienak kanpotarrak izan arren, tartean badira Zumaia bertakoak, bost, hain zuzen. Lan gehienak gipuzkoarrek idatzitakoak izan badira ere, nafarrek eta bizkaitarrek idatzitako lanak jaso dituzte aurtengo edizioan.

Ez dute lan erraza izango epaimahaia osatzen duten hiru epaileek. Aurtengoan honako hauek osatzen dute ipuin-lehiaketako epaimahai: Ana Urkiza Ondarroako idazleak, Imanol Azkue zumaiarrak -Euskadi Sarietako finalista izan da aurten- eta Iban Zaldua idazleak -besteak beste, joan den urtean Euskadi Saria irabazi zuen Etorkizuna izeneko lanarekin-. Hiru epaileak abenduan elkartuko dira.

Euskara Zerbitzutik jakinarazi dutenez, "epaimahaiak saridunak erabaki bezain laster" ezagutaraziko ditugu hogeigarren edizioko irabazleen izenak. Urtero bezala, hiru sari banatuko dituzte: ipuin onenaren sari nagusia, bigarren ipuin onenaren saria eta zumaiarrek idatzitako lanik onena. Lehenengoak 3.000 euroko ordainsaria jasoko du; bigarrenak, 1.500 eurokoa, eta hirugarrenak, 1.000 eurokoa. Lehiaketa KUTXAk babesten du.

Sari-banaketa ekitaldia
Sari-banaketa ekitaldia noiz eta non egingo den ez dute oraindik zehaztu. "Erabat zehaztu gabe dago, baina litekeena da otsaileko bigarren astean banatzea", jakinarazi dute Euskara Zerbitzuko departamentutik.

Nor zen Julene Azpeitia?
Julene Azpeitia 1888ko urtarrilaren 8an jaio zen Zumaian. Irakaslea eta idazlea izan zen -euskaltzain urgazle eta 1975az geroztik euskaltzain ohorezko izan zen-. Garaiko euskal aldizkari gehienetan idatzi zuen eta haur literaturaren alorrean nabarmena zen hutsunea betetzen ahalegindu zen helburu pedagogikoak transmititu nahian. Idatzi zituen lanen artean aipagarrienak hauek dira:

Haurrentzako ipuin eta irakurgaiak: Amandriaren altzoan ipuin-bilduma; Irakurri, Matte, 1932; Zuentzat; Goizeko Izarra, 1959; Auntza Baratzan, 1959.
Nobelak: Odolak, odolari dei eta Martxela.
Sukalde-liburu bat: Osasuna, merketa eta yanaritza.
Irakurtzen eta idazten ikasteko haurrentzako metodo bat: "Umien Adiskidea", 1961.


Utzi iruzkina: