Zaharrak Berri

naezearon 1549910005435 Petraren txokoa | 2018-04-30 10:38
1 1

naezearon 1525384441838

Pasa berri dugun apirilaren 24an, nire lehenengo jaunartze egunaren 30. urteurrena izan zen. 30 urte, 10957 egun, 262968 ordu, 15778080 minutu... denbora luze. Alor asko aldatzeko beharrezkoa den denbora baino gehiago pasa da ordudanik, baina, edozein aldaketa gauzatzeko, denbora ez da beharrezkoa den premisa bakarra. Borondatea izatea eta aldatzeko jarrera mantentzea ere ezinbestekoak dira benetako eraldaketa emateko. Baina, tamalez, zaharrak berri dira oraindik gurean, eta horrela erakutsi zigun La Manada auziaren sententziak aurreko ostegunean. 

Ni txikia, bera haundia; ni umea, bera nagusia; ni boteregabea, bera boteretsua; ni garrantziagabea, bera garrantzitsua... bera eta ni. Hitz goxo batzuk nahikoa ziren bere etxean barrena sartu nedin: goxokiren bat emango zidala, amonari emateko enkarguren bat... edozein aitzakia zen balizkoa bere helburua lortu zezan. Izan ere, etxeko eta inguruko guztiengandik ondo ikusia zegoen gizona, aintona-amonak, gurasoak, osaba-izebak, beste bizilagunak... baina... horiek guztiek ez zekiten zer gertatzen zen gizon horren etxeko ateen beste aldean. 

Atearen beste aldera pausua egitean, boteretsua eta boteregabea bakarrik geunden. Bere espazioa zen. Bere lurraldea zen. Bere desioa zen. Eta ni ere, babesik gabeko 8 urteko neskatoa, bere egiten ninduen. Nolabait, nere buruak xehetasun asko ezabatu ditu, ez baititut gogoan erritualaren txikikeria guztiak, baina oso presente daukat beti jokaera zela: ganbarara igotzen ninduen, lastoz eginiko ohean etzarazten ninduen eta gerritik behera biluzten ninduen, ondoren, ni ukitzen hasten zen. Horrela, bere eszitazio maila areagotzen zuen eta kitzikapen maila hori nahikoa zela iruditzen zitzaionean, nire gainean etzan eta nire gainean masturbatzen zen klimaxera iritsiz. Nik nazka eta beldurra sentitzen nuen. Noraezean nengoen, izututa nengoen, ez nuen ezer ulertzen, ez nekien zer egin... 

Garai hartan, gertatu zitzaidanaz benetan jakitun izateko gazteegia edo inuzenteegia nintzen, baina badira urte batzuk jada, gure bizilaguna zen gizon hark behin eta berriz bortxatu ninduela badakidala. Bortxatu ninduen, ez daukat dudarik. Bortxatu egin ninduen berrogeita hamar urte gehiago zituelako, pisua laukoizten zidalako, adinez nagusia zelako, bere desioak inposatu zizkidalako, beldurra eragin zidadalako... gure artekoa botere harremana zelako, eta ez, borondatezko harremana. Gizon hark, nire pertsona izaera eta sentimenduak erabat baztertu, zapaldu, zanpatu, mindu, hondatu, suntsitu, birrindu, txikitu, ezereztu, ezdeustu, deuseztatu, desegin, erraustu, deboilatu, trimindu, errautsi... zizkidan behin eta berriz. Bere plazerrerako objektua izan nintzen behin eta berriz. Behin eta berriz bortxatu ninduen. 

2016ko San Fermin jaietan gertatu zen bezala, nik ere ez nion bortxatzaileari inoiz EZ esan. Nire barrutik ez zen hitz bakar bat atera; berak agindutakoa exekutatu eta lehen bait lehen amaitzea besterik ez nerabilen buruan. Hala ere, ezezkoa argi eta garbi adierazi ez izanak, ez zion baiezkoa ematen. Horrela, nere borondatearen kontrakoa eta normala iruditzen ez zitzaidanez, gurasoei kontatzea erabaki nuen eta halaxe egin.

Halaber, jasotako erantzuna ez zen niretzat positiboa izan; nire gurasoek egoera hura normalizatu, onartu, tapatu eta, gainera, nolabait ni kulpabilizatu baininduten. Urte asko pasa dira, bai, baina Iruñeako portal hartan gertatuak eta auziaren inguruko sententziak, tamalez... oraindik zaharrak berri ditugula adierazten dute.

 

 

 

 

2018-06-12 22:26 #1

Gizartea nahikoa aldatu ez bada ere, zuk behintzat eman duzu eman beharreko pausua. Salatu duzu salatu beharrekoa. Antzerako zenbat istorio egongo dira ezkutuan?
“Une jakin batean, gure barneko askatasuna garatzen jakin dugun neurri berean baino ez zaigu emango kanpoko askatasuna”
Bejondeizula!!


Utzi iruzkina: