Aurkezpena
Petraren txokoa... edonorentzako esparru goxoa da, guztiok ongi etorriak zareten txoko kuttuna.
Bertan, neure (Petra) burutazio, sentsazio, sentimendu, beldur, galdera, teoria, duda... orokorrean, neure bizipenen inguruan arituko natzaizue. Nere bizipenek ez daukate ezer berezirik, pertsona arrunta naiz. Bada... betaurreko moreak janzten hasi den ama langile euskaldun eta euskalzalea naizela esango nuke.
Hala ere, une konkretu honetan, proiektu berri honekin hastea erabaki dudan honetan, nere bizitzako momenturik zailenetakoan aurkitzen naizelakoan nago. Eraldatzen ari naizela iruditzen zait. Nere barrualdera gehiago begiratzen dut, eta, azken garaian barruan nabari dudan hori guztia, kanpora ateratzeko beharra sentitzen dut. Partekatzeko beharra. Eta horixe da hemen egin nahi dudana, zurekin partekatu eta berdina egitera gonbidatu nahi zaitut, gainera.
Bizipenez gain, nik uste beste alor batzuk ere jorratuko ditudala noizean behin. Hala nola, maitasuna, sexua, hizkuntza gutxituak... orokorrean, denok inguruan ditugun eta bizi ditugun gaiak lantzen saiatuko naiz, beraien inguruan daukadan iritzia emanaz eta bide batez, zeurea ere eskatuaz.
Blogari dagokionez, ez dut oraindik erabaki zehatzik hartu. Hots, sarrerak beti era berdinean hasiko ditudan, argazkiren bat aukeratu eta hortik hasiko naizen, esaeraren bat ekarriko dudan, adituren baten esaldi zoragarri horietako bat erabiliko dudan... baina, astean behin gutxienez idazten saiatuko naiz. Hori dela eta, eskertuko nuke interesgarria deritzozun edozein gai proposatzea.
Esan dizudan moduan... Petraren txokoa guztion txokoa da eta zure parte-hartzea beti izango da ongi etorria! Sartu barrura beraz, eta hartzazu kafetxoa nirekin!
Iruzkinak
2018-04-17 08:49 #1
Ongi etorri Petra! Animo bide berrian! ;)
2018-04-17 14:23 #2
Mila esker!! Ea zer ateratzen den!! Baten batek irakurtzen banau... nahikoa niretzat!!
Utzi iruzkina: