m) Erlijio eta Eliza katolikoa: euskal nortasunean izan duten eragina

Naberan 1582010811079 Naberan | 2020-02-18 08:43

Arlo honetan ere aldaketa gertatu da duela 50 urte ingurutik honantz: erlijio eta eliza katolikotik askatze-prozesua bizi izan dugu E.H.an, hamar mende luzetan zehar izan duen eragin sakonaren ostean. - Erlijioari dagokionez, askoz eragin txikiagoa izan du, Elizak izan duenarekin konparatuta. Orokorki, ideologia transzendentalekiko jarrera eszeptikoa izan du euskal jendeak, aurrerakuntza teknikoen zale-zale izan den bitartean (San Martin eta Jentilen kontakizunak gogoratzea baino ez dago). Naturaz gaindiko kristau erlijioaz ere beste horrenbeste gertatu dela esango nuke: “zer edo zer izango da” erantzunez laburbildu ohi du fedea jende xeheak. - Horrek ez du esan nahi erlijioaren aztarnarik geratu ez denik, batez ere inkontzientean: erruduntasun sentipena, manikeismoa eta beste zenbait aje. - Elizari dagokionez, aldiz, nabarmena izan da euskaldunen bizitzan eta gizartean izan duen eragina. Adibide gisa, WilliamDouglas kaliforniarra,k Murelaga herrian egin zuen ikerketan (La muerteenMurelaga) argi ageri da zein garrantzi handia izan duten hileta elizkizunek auzotasuna eta senidetasuna bermatzeko.  
Mezatara joateak berak ere auzokoak elkarrekin biltzea izan du xede, fede-komunitatea osatzea baino.
Baina euskal emakumeek Eliza katolikoan izan duten eraginaz ere ohartu beharra dago. Izan ere, aipagarria da garai batean serorek eta beren laguntzaileek izan zuten eginkizun erlijiosoa, Roslyk M. Frank andereak sakonki ikertu eta dokumentatua. Serora (sorora,beata, benoite) auzoek aukeratzen zuten eta esku hartze handia zuen erritu-jardueretan, zeremonia gidari gisa (hiletetan, bertsoz ere ekiten zioten). Komunitateko diru-kontuak eramatea ere beren gain zegoen. Serorek eta beren laguntzaileek hainbeste botere edukitzea jasaezina zen Eliza patrriarkalean eta Lancre eta konpainiak dekretu-kolpez gogor eraso bazituzten ere, seroren instituzioak XX. mendera arte iraun zuen. Barandiaranek dioskunez, “serorak kristau liturgiako emakumezko apaiz eta zeremonien buru ziren aldetik betetzen zuen eginkizuna, etxekoandreak etxeko kultuaren arduradun gisa betetzen zuenaren luzapena besterik ez zen”. Agian kristianismo aurretiko tradizio bat.


Utzi iruzkina: