Kukuak makur jo dio

Naberan 1582010811079 Naberan | 2020-03-16 22:18

Kukuak makur jo digu guztioi. Baina kukuak makur jo dio, lehenik eta behin, nagusi dugun sistemari. Mendebalde “garatu”

honetako sistema kapitalistari. COVID-19 delakoak, 2020ko martxoan, jokoz kanpo harrapatu du; eta gure “erregea” biluzik dagoela ikusi ahal izan dugu.

                                                                                                   Kukuak makur jo dio
Ondrak atera beharko

Ondrak (urtebetetze-mezak), ez martxoko  txoriarentzat, jakina, baizik kukua entzun ez, edota poltsikoan eurorik gabe harrapatu duenarentzat. Batzuek behintzat argi eta garbi ikusi dugu, oraingo une historiko honetan, gure mundu pribilegiatu hau, bere globalizazio-bokazio eta guzti, ez dagoela prestatuta arean ere, ate-joka daukagun apokalipsi-fase berriari aurre egiteko. Gure gizarte-sistemak porrot egin du, eta porrot egiten jarraituko du aurrerantzean ere, guk geuk, oinezkook, ez badakigu erreakzionatzen. Oraintxe da ezkerraren eta bere alternatibaren ordua. Hauteskundeez haratago, bere ikuspegi globala plazaratzeko unea eta aukera.

Kontuz gainera. Baliteke mundua gobernatzen duen %1 horrek, Estatu Sakonak, krisi klimatikoari, planetako energien ahitzeari, hondakinen kaosari eta abarri ohi duen estiloan erantzuteko, pobreen populua garbitzea (suntsitzea) bururatzea. Haiei ez baitzaie bururatuko, edo ezingo dute oraingoz, planetaz kanpoko egoitza apropos bat aurkitzea beraientzat.

Beste porrot bat: pentsamendu eboluzionistarena. Darwinismoak egin du jada berea: “jauzi kualitatiboak bai, baina oro har Gora eta Hobera”. Edota teknologiari esker, dena konpondu eta “betiko moduan” errailetara bihurtuko gaituzten fedea. Hobe errealistak izatea, fededunak baino; baina hala ere itxaropena galdu barik.

Jauzi kualitatiboaren itxaropena.

Eskerrak eboluzioaren garapenean jauzi kualitatiboak gertatzen direla. Fisika eta biologia mailan gertatzen direnean jauziok “kaos edo katastrofe egoera” deitzen diote. Baina giza historian ere gertatzen da halakorik: nork pentsa zezakeen Kaukasoz iparreko estepatik Europarantz mugitu ziren nomada arioek zibilizazio autoktonoak eraitsi eta gaur egun daukaguna ekarriko zigutela?; edota Europa iparraldeko oihanetan bizi ziren “barbaro” haiek Erromako Inperioa suntsituko zutela? Gutxien espero den gunetik sor daiteke “isolatu periferikoa” deritzana eta statuo quo irauli ezustean.

Oraingo “isolatu periferikoa” COVID-19 da, inork aurreikusi ez duen horietarikoa. Eta Marlaskaren agindupean “diktatzen” ari diren neurriei buruz, ba al dute arrazionaltasunik? Batere ez. Hemengo kaosak eta kontraesanek txiste bihurtu dira gizarte-sareetan.Dena dela, batzuek badugu susmorik ere: krisi honi betiko eliteak etekina ateratzeko asmoa duela. Hots, euren sistema berrantolatzeko asmoa. Gogoratzen “reestructuración” hitza?

Dena dela, aldaketaren zain gaudenontzat, bada aski aldaketa-sintomarik. Batetik migrazio masiboen atarian gaude, zenbait lurralde guk geuk suntsitu dugulako kolonizazio ankerrak medio. Mundu Baliabideen Institutuak (WRI) 2019an azaldu duenez, egoera horrek, besteak beste, elikadura segurtasunik eza, ezegonkortasun finantzarioa, gatazkak eta aipatutako migrazio masibo horiek ekarriko ditu. Horri, mehatxu guztien ama den klima aldaketa gehitu behar zaio, bere ondorio kalkulaezinekin.

Bestetik, “erdiko klasea” deritzona erortzeaz batera, langile prekarioaren bakardadea daukagu, hori bai dela “Beti hazkorra”. Gizarte-klase berri horrek etsipena ala iraultza du buruan. Zer hautatuko? Antolatu ahal izanez gero, iraultza.

Egur meta nabarmena aurreko guztia, jauzi kualitatibo bat gerta dadin.

Hazkunde sostengarria ala desazkunde sostengatua?

Planeta eraman dugun puntura iritsi denean eta klima aldaketa abian den honetan, suizida litzateke gaur egun nagusi den “desarrollismoa” mantentzea. Baliabide naturalak agortzen ari diren heinean, onean edo txarrean etsi beharko du estatu guztien ametsa den hazkunde-xedeak. Hori, ordea, kapitalismoaren hondamena litzatekeenez, mundua mende daukan aberatsen %1 horrek pobreen sarraski masiboa erabakiko du, haien esku uzten badugu gure patua.

Guk geuk erabaki behar dugu etorkizuna, instituzioen laguntzarekin bai, baina herri mugimendu koordinatua sortuz, dauzkagun baliabide guztiekin. Teknologia ez dago gure esku, zoritxarrez: horra hor zeregin bat: elikadura, energia eta teknologiaren burujabetza. Baita COVID-19aren burujabetza ere. Eta ni neure buruari galdetzen: ba ote dago hainbat arlotako burujabetza horiek guztiak lortzerik nazio burujabetza barik?

Azkenez, gauzen inperio honetan berebizikoa dugu gizatasuna eta izatasuna (natura) xedetzat hartzea, eta gu geu ere bizimodu xumeagoz bizitzera egokitzea. Beharko gainera: COVID-etik pobre pila bat sortuko da berriro, ekonomi krisiak paganoek ordaintzen baitituzte. Bestalde, oraingoan zeozer argi  ikusi bada, zera da: Pribatua/Publikoa binomioan, Publikoa behar dela; eta Globala/Lokala binomioan, eredu Lokala. “Globalizazio” ospetsuak porrot egin du.

Euskaldunok gure nortasun kolektiboaren ekarpena egin dezakegu.

Badugu hori egiterik, bai, gure balio tradizionaletatik geratzen zaiguna -auzoa, komunitatea, nazioa- barrikadatzat hartuz.

Horretarako ezinbesteko baldintza da, baina, sistemarekiko kritikoak izatea. Krisia, hazkundea eta halako topikoen aurrean kritiko. Eta sistemak proposatzen digun “kapitalismo berdearen” aurrean ere kritiko. Egoera den bezalako larria izanik, ez dago lekurik “kapitalismo berdea”  eta halako planteamendu faltsuetarako.

Eko-kapitalismoak zera nahi du azken batean: sistemaren makina ez dadila gelditu, pedalei ematen jarraitzea; esan ohi den bezala, orkestrak jotzen jarraitzea eta denok dantzan murgiltzea, itsasontzia hondoratzen den bitartean. 


Utzi iruzkina: