g) Zuzenbide Piriniarra versus Erromatar-Germanikoa. – Foruak

Naberan 1582010811079 Naberan | 2020-02-18 08:39

Zuzenbide Piriniarra delakoa ahozko eta ohiturazko legeria zaharra da, herrialde bakoitzean bere kasa garatu zena, harik eta Nafarroako Erresuma idatzizko lege-bildumak egiten hasi arte  XIII. m.tik aurrera. ForuOrokorra erresuma osoan aplikatzekoak ziren lurralde-eskubideei buruzko lege-multzoa zen. Antzinagoko zuzenbideari dagokionez, hurrengo zutabeak zituen, zeinetariko batzuek gaur arteko eragin sakona utzi duten gure sen kolektiboan: - Etxea da zuzenbide piriniarraren oinarria. Etxeak bere osotasunean irautea. Eta hor amaren ildoko oinordetza ageri da. Eredu matrilineala, beraz. Baita matrilokala (senarra emaztearen etxera aldatzea). Etxeak bere izena ematen die bertakoei, baina hemen izena gizonek nahiz emakumeek hartzen eta transmititzen zuten; eta generosimetria hori ezin zuen irentsi Elizak (ez gero Frantziako eta Espainiako estamentu zibilek), instituzio hori  XVII. mendeaz geroztik gogor borrokatu zutelarik. Benetan asaldatzen zituena emakumeek transmisioan zuten boterea zen. - Etxeko anderea izanik, emakumeak du protagonismoa  Etxearen kudeaketan eta ordezkaritzan: elizako “sepulturaz” arduratzea, etab. Arlo honetan, “seroren” kasua daukagu, gero ikusiko dugunez.  - Bestalde, ikerlariek diotenez, emakumeak protagonismo handia izan zuen lehen nekazaritzan, goldearen aurretiko aitzur aroan. Baina horrez gain, lurra iraultzeko Laia eta Laiaketa ezagutu ditugu oraintsu arte, gizonezko eta andrazkoen taldeak auzolaneko lerro luzean laiaketan ari dien argazkiak baitaude. Eta gaurko nekazaritza alorreko proiektu aurrelarietan gero eta protagonismo handiagoa du emakumeak. - Auzoa, Auzotasuna, Auzolana. Auzoa  da bigarren zutabea, gure Zuzenbidean nahiz praktikan. “Urruneko senidea baino hobe auzokoa”.   
Auzotasuna bermatzeko ohitura ugari izan dugu: odoloste-trukea, etab. Sen horren barruan kokatzen ditut auzo mailako hainbat ekitaldi, ospakizun, etab., oraindik bizi-bizirik dirautenak.

Auzolana. Azkenotan Eusko Jaurlaritzak bere propagandarako bahitu eta desitxuratu duen arren, benetako auzolanak ondo funtzionatzen du oraindik Euskal Herrian, lehengokoez bestelako eremuetan eta moduetan, jakina. Etxea kasik desagertu ondoren, auzoak eta auzolanak sekulako potentzialtasuna dute gurean. Horiek biziberritzean datza gakoa. - Batzarra.  Erabakiak hartzeko funtzionamendu horizontal horixe da euskal senaren ezaugarri garrantzitsuenetariko bat. Erabakiak zelaiko batzarretan hartzen ziren eta Juntetara aurkeztu. Egungo partidokrazia eta delegazio-sistemaren alternatiba demokratikoa.  - Lur eta baso komunalak.Zuzenbide piriniarraren beste zutabe bat. Nafarroa konkistatua izan ondoren, lurraren pribatizazio etengabea gertatu den arren, oraindik geratzen dira euskal sen komunalistaren arrasto batzuk: baso komunalak, etab.
Ez dago azaldu beharrik Zuzenbide Erromatar-Germanikoak gurearen kontrako legeak, ohiturak eta ideosinkrazia inposatu digula: kolektiboan barik pribatuan oinarrituz, komunitatean barik norbanakoan, etxekoandrean barik paterfamilias delakoan, etab. Horrek guztiak gizarte-klaseei, kapitalismoari, indibidualismoari eta patriarkatua indartzeari eman dio bide, jatorrizko euskal sena aldatuz joatea eraginez.
Beraz, gaur indarrean dagoen Zuzenbideak Zuzenbide Erromatarrean du sustraia, zeinek norbanako pribilegiatua du ardatz (CIVIS). Ez dut uste figura horrek itzulpen zehatzik duen euskaraz, zeren hiritar (hiriko) ez delako gauza bera, eta are gutxiago herritar.. Beste horrenbeste gertatzen da paterfamilias, patria (aberria ez da gauza bera, ez dagoelako aitarekiko erreferentziarik) eta beste hainbat hitzarekin. Bi sistema ideologiko oso desberdin dira, eta euskerak euskal ideologia edo sena transmititzen digu.


Utzi iruzkina: