Epe labur, epe luze
Zerk eragin du zehazki pandemia? Hori jakin gabe, nekez konpondu ahal izango da aberia; ni ez naiz biologoa ez ekonomialaria, baina bai ekar dezakedala memoria pitin bat. Bihoa iritzi gisara:
Azken ehun urteotan bi epidemiak eta oraingo pandemiak jo gaitu; azken hau giza espeziearen lehen pandemia, ezagutzen den lehenengoa behintzat (planeta mailakoa).
Hala, 1918ko epidemia lehen industria iraultzarekin gehi Lehen Mundu Gerra ostetxoan suertatu zen. Suertatu?
Handik berrogei urtera, beste epidemia bat: 1958ko gripe asiatikoa, batez ere ume eta gaztetxoei eraso ziguna. Bigarren industria iraultzarekin eta Ekialde Urruneko gerrarekin bat etorri zitzaigun; Koreako gerratik bueltan ekarri zuten Ameriketako Estatu Batuetara zetozen gerlariak, lurralde horretan 116.000 hildako utzi zituelarik Europara hedatu baino lehen.
Azkenik, pandemia hau, beste berrogei urtera (badirudi gauza honek euskaldunon berrogeiko kontaduriaren arabera funtzionatzen duela): oraingoa, ene ustez, hirugarren industria iraultzarekin (teknologikoarekin) batera etorri da. Kontuz. Teknologia oso mesedegarria da gizakiontzat. Ordea, azken teknologia honen albo-kalteak ez dira izan makalak planeta mailan.
Teknologia erratu bezain erasokor honek zaborreria anitza sortu du: zabortegien euren gainezkatze kontrolaezinaz gain, zabor nuklear-transgeniko-toxiko-kimikoa, animalien gaixotasunak eta gure elikaduraren pozoitzea ekarri du. Teknologiaren albo-kalte horiei Ekialde Hurbileko Gerrak gehitu behar zaizkie —beti gehigarri hori—, non arma kimikoa ez ezik, bakteriologikoa ere erabili den erdi ezkutuan.
Eta orain gatozen ondorioetara. Biosfera toxikatu egin da eta, boomerang efektuz, pilota gure teilatuan utzi du. Biosfera ez baita atal zatien metaketa soil bat, Aristotelesen filosofiaren arabera erakutsi digutenez, zoritxarrez, medikuntzaren arlotik hasi eta naturaren ikuspegi orokorrera zabaldu delarik. Biosferak bere osoan funtzionatzen du: hortik boomerang efektua.
Nik, fatalista ez naizenez, uste dut aberia honek konponbidea izan dezakeela. Baina lehenik eta behin diagnostiko zuzena egin behar da. Oraingo pandemia ez da etorri higiene faltagatik eta halako miserietatik. Ezta klima aldaketagatik ere. Mundu garatuan jo du bete-betean lehen aldiz. Nondik eta teknologia gune handienetatik abiatuta.
Hori guztia nekez aitortuko du kapitalismoak, zeinaren helburua hazkunde etengabea den. Bere super-hazkunde estrategikoari ekingo dio, zelan ez bada, eta ez du barneratuko COVID-19aren lehen lezioa. Albora begiratzea baino ez daukagu. Gure elite politikoa, epe laburrera jokatzearen puruz, hauteskunde estrategietara eta makroproiektu itzeletara jolasten ari da. Baina geuk aukeratu ditugu, ezta?. Utz dezagun auzi hori hurrengorako.
Kontua da lehen lekzioa zaku hutsean jausiko dela. Eta hurrengo lekzioa itxarotea geratzen zaigula. Edo hirugarrena.
Joan Josep Bosch ekonomialariari Argia astekarian egin dioten elkarrizketan dio pandemiak ez duela negoziatzen eta desazkunde programatua bai ala bai gertatuko dela. Egia, pandemiak ez du negoziatuko, baina guk bai negoziatu dezakegula pandemiarekin.
Gure esku dago oraindik, bai, gizakion esku. Ikustea besterik ez dago biosferak edo gaiak zelako arnasa hartu duen mundu guztiko jendartea kaleetatik etxeratu garenean. Bi hilabete hauetan benetako udaberria izan du; atmosfera garbitu igarri-igarrian, animaliak hurbildu...
Kapitalismoaren mertzenario ez diren ekonomilariak behar ditugu datorren debakleari aurre egiteko, eta, epe luzera, gidari politiko normalak eta jendeon erantzukizun kolektiboa. Lor dezakegu, lehenengoan ez bada, hurrengoan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: