b) Europa indigena
Euskal senaren lehen oinarri ezagunena, arkeologo nahiz antropologoek oso ondo ikertua eta dokumentatua, Europa Zaharra edo Indigenarekin euskaldunok partekatzen dugun garai preindoeuroparra da. Zibilizazio hori hainbat milurtetan zehar garatu zen Europa neolitikoan (duela 9000 urtetik indoeuroparrak sartu arte, gurera 3500 inguruan).
Gai honi buruz garrantzi berezia du, besteak beste, MarijaGimbutas arkeologoak eta bere zientzialari taldeak egindako ekarpen erabakigarria ezagutzea (ikus Interneten edota Sugearen Iraultza liburuan laburtu nuena (13-21 orr.)
Gimbutas emakume lituaniar-estatubatuarrak Ekialdeko Europan (Grezia, Errumania, Balkanak, Polonia, Ukraina…) garai hartako bizimodua bere osotasunean azaleratu zuen ehunka aztarnategi arakatu zituen, botaniko, zoologo, klimatologo, antropologo, paleontologo eta, arkeologoz osaturiko taldeko lanean. Lautada zelaietan eta ibar emankorretan bizi ziren nekazari aurreratuak ziren, zerealak eta lekariak ekoizten eta gaur egun Balkanetan hezten den azienda guztia bezatzen, zaldia izan ezik. Horrez gain, buztingintza, zeramika eta kobrea lantzen zuten, baita merkataritza ibaietan zehar belaontzietan VI. milurtetik geroztik.
Era berean, beste zientzialari talde batek, James Mellaart arkeologoaren gidaritzapean, Anatolia mendebaldeko montor zapal batean, ÇatalHoyük hiria aurkitu zuen: etxez, zeramikaz, eskulturaz eta irudiz beteriko hamahiru hektarea, non 10.000 biztanle inguru bizi ahal ziren. Duela 7000 urteko hiri hori aurkitzeakTroia aurkitzearen pareko garrantzia omen du.
Hala Gimbutasen aztarnategietako nola ÇatalHoyükeko indusketen arabera, ez da ageri gerrakalte eta harresi aipagarririk, ez urrundik ere geroko indoeuroparren garaian bezalako harresi sendo edo gotorlekurik, ez eta “gerlari heroi”, “gudu gogoangarri”, jainko tximistadun, arma hilgarririk edo gerra-motiborik haien arte-sinbolismoan.
2
Zibilizazio indigena haren ezaugarri nagusia zera da: natura oro har, bizitza-iturri den emakume gisa imajinatu zutela, Lurra eta Kosmosa ama eta emakume gisa irudikatuta aurkitu direla garai hartako milaka irudi eta eskulturatan.
Bestalde, generoari dagokionez , ez da ageri sexu bataren bestearekiko nagusitasunik, ez lanbanaketan, ez ehorzketetan… Ez da ageri ezelako alderik gizonezko-emakumezkoen hilobietako ekipamenduaren aberastasunean, ezta bestelako hierarki mailarik adieraz lezakeen desberdintasunik ere. Are gehiago, etxeko aldare eta tenpluetako irudietan ageri denez, emakumeak eginkizun nagusia zuen erritoen prestakuntza eta apailamenduan. Eta azkenik, Jainkosa deritzona ageri da mundu oso haren sinbolo nagusi eta orohartzaile hainbat horma-iruditan, milaka eskultura txiki nahiz handietan, errito-ontzien dekorazioan… ( “Jainkosa” hitzak ez du esan nahi naturaz gaindiko izakia, baizik eta, garai hartako kontzeptualizazioaren arabera, unibertsoa osatzen duten indarrak emakume gisa irudikatuta) . Ba hantxe ageri da bera, birsorkuntzako indarra erakustera ematen duten eme eta ama ikur apropos nabarmenduekin, paleolitoko “venus” delakoak bezala; hantxe, animalia ezberdinetan haragiturik/mozorroturik: behin suge edota sai, ahari, aketz, orein, zezen, apo, kirikiño, hartz… ezaugarriekin. Betiere Anderearen osagai maskulinoa adierazten duten animaliak; baita Lurraren etengabeko aldaketa adierazten duten ilargia, landareak, ur goiko eta behekoen irudi geometrikoak (oinarrizko ikur-sistema edo idazkera figuratiboa baitzuten: sigi-saga lerroak, espiralak, lauburuak, labirintoak, lerro bikoitz eta hirukoitzak,geziak, sareak…).
Beraz, neolitoko aurre-indoeuropar haiek nekazaritza-iraultza egin zuten, baina gainera, eta honek berebiziko garrantzia du, gizarte parekide ez-patriarkalari eutsi ziotela ondorioztatzeko zantzu guztiak ageri dira; hala zantzu materialak (adib., apaiz gizonezkoak nahiz emakumezkoak aurkitzea) edo eta sinbolikoak (“jainkosa” anderearen protagonismoa). Bestelakoa defendatzen dutenek – hots, ezin dela ondorioztatu gizarte parekiderik izan denik- goian azaldutako datuen kontrako frogak aurkeztu beharko dituzte.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: