MAITASUN HITZAK, GOXOKI.
Bergarako Jardun elkarteak antolatu duen Amodiozko Gutunen XVI. Lehiaketa irabazi du Alaitz Sarasola ordiziarrak. Epaileek, «oso ondo idatzia eta naturala» dela diote.
Ana maitea:
Ana eta ez ama, ama ere bazaren arren. Gaur gutun bat idatzi dut zuretzat. Emakumeak, ama izatean, eme izateari uzten diola esaten zuen batek, eta nik horren aurkako borrokan osatu nahi izan dizut eskutitz hau.
Badira hamar urte elkarrengana bildu ginenetik. Bitxia zen hasierako ezjakintasuna: bi ezezagun hezetasun bila, nondik hasi ez genekiela, mingain eta esku, eskean beti. Denborak eman zigun gure loturaren ezagutza. Beldurrak sendatu eta harremana sendotu genuen. Eta gero, bat gehi bat, hiru bihurtu ginen. Eta beranduago, bat gehi bat, lau. Baina zure izateari begira, gaur ere, mila ezaugarri aurki ditzaket Ana harenak. Zuk, ordea, amatasunera mugatu duzu Anatasuna, eta barruti horretan niretzako lekurik aurkitu ezinda nabil.
Noizbehinka esaten didazu betiko izango zaitudala emazte eta maitale, baina ale gutxi probatzen dut aspaldian. Zure lentzeria garbigailutik atera eta eskegitzean bakarrik ukitzen dut, eta izarek... ohartzerako ohera sartzen zaizkigun umeena bai, baina zure lurrin usainik ez.
Neurekoia naizela esango duzu akaso, baina ni erabat zeurekoi sentitzen naiz, Ana; zurekin pentsatu, zurekin gozatu, zurekin amestu... zure izaten jarraitu nahi dut. Zuk, berriz, ez didazu lehengo arretaren erdirik eskaintzen. Ez erdirik, eta ez laurdenik. Niganako desioa desertu bilakatu zaizulako irudipena daukat; beti umeen atzetik, beti ama izan behar horretan. Zenbaitetan enbarazuan ere ikusten dut nire burua. Eta beldur naiz. Ez dakit zure printze izatetik zure printza izatera igaro ez ote naizen. Harreman bat ontzetik hondartzera pauso txikiegia dagoelako. Gure umeak ororen gainetik, bai. Ados nago. Baina haurrak aurren, eta ni zenbatgarren?
Ni Gaizka naiz, aita izateaz gain, eta zu Ana, ez ama bakarrik. Eskertuko nizuke beraiei segika ibiltzen zaren bezala, niri segika ibiliko bazina sarriago. Umeekin jolasten duzu, baina nik ere jolastu nahi dut zurekin. Eta ez dut konprenitzen zergatik ez duzun hori gogoan izaten, maitea. Guraso paregabe askok pareta jotzen baitu, bikote izateari utzi eta bi torpe bihurtuta.
Badakit; ahula naizela eta zerutik zorura aitaren batean erortzen naizela esango didazu beste behin. Baina kontuz ibili, bihotza: eskuak laztu zaizkizu, niri laztanak oparitzeari utzi zenionetik. Nik maizago entzun nahi ditut gure maitasun doinuak, elkarren musika, elkarri musuka... Eta ez esan sentimentalegia naizenik. Arrak ere ez gara harrizkoak, eta bihotz barruko nire orruek hitz egiten dizute idatzi honetan.
Zein beharrezkoa den batzutan: marrazki bizidunetatik haratago joan, eta elkarrekin filma interesgarri batean galtzea; lauko mahaian biok bakarrik afaltzea; plastikozko ahate horiak gorde, eta suzko begiradak bainerako jolasetan itzaltzea; esnatu berritan zirriak gosaltzea; batak besteari besarkatuta binakako bakardadearen beroan kiskaltzea... Zein beharrezkoa den batzutan.
Besterik ez, Ana; kariño osoz idatzi dizut gutuna. Horra nire eskaera, nire aitortza. Hau bakarrik edo hau guztia adierazi nahi zizun zure umeak ez ezik, zure uneak ere behar dituen Gaizkak.
Zer erantsiko zenuke zuk?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: