ALBANIA (Bira - Itxaro Borda )

musutruk 1456151708366 Musu truk | 2009-01-12 09:52

ARTE kate zibernetikoko Metropolis emanaldiaren karietara, lehen aldiz begimen ukan ditut Albaniako irudiak, lainopean bermatzen diren harrizko etxeak, auzo batetik bestera jaisten diren karrika hertsiak: iruditu zait Auñamendi maldako nafartar herri bat miresten nuela kameraz inguraturik Gjirokaster bere sor lekura itzultzen zen Ismael Kadare idazlearen hatzetarik.

Beti aipatzen da Nobel sarirako Frantzian denbora erdiz exiliatua den Ismael Kadareren izena. Bi milioi jendeekiko arranoen lurraldea hain zuzen guztiz gehienek Kadareren nobeletarik ezagutzen dugu xeheki, bertako hiri mineralak, mitoak, gaztelu abandonatuak, Homeroren trakako bertsolari-rapsodak, vendetta ospetsuak, elurrean gelditzen diren eztei-lerroak, apirila hautsiak, Kosovoko gerlaren albaniar ikuskerak, zubien oinetan gartzelaturiko emazteen ipuinak eta de visu mirets ez ditzakegun mila gauza zein gertakari. Atenasen behin, sartu nintzen bidaia agentzia batean Tiranara abia asmoz, baina pasaporterik ez edukitzeak gibelatu zituen ene urratsak.

Menturaz Tiranara ez naiz sekula joanen. Albania helburu gisa Ismael Kadareren liburuetan baino ez dut kausituko: bihozkatze ukigarria eragin dit ordea ARTE telebistak.

© berria.info 2009-I-11


Utzi iruzkina: