Isaskara musikala eskainiko dute Mogel Isasiko ikasleek apirilaren 20an

Mogel_DBH_GE 1495734334030 Armerixa Guraso Elkartea | 2018-03-19 11:21
1

Mogel Isasiko ikasleek apirilaren 20an (18:00etan) Coliseo Antzokian eskainiko duten Isasikara musikalaren sarrerak salgai daude dagoeneko Coliseoko txarteldegian eta Interneten Kutxabank-en bidez.

2018-03-15_Isaskara-kartela-definitiboa

Abiadura, nekea, haserrea, barrea, eztabaida… adi, mugimendua igarri da Isasi aldean! Lurrak mugitu dira, lehen zeudenak itxuraldatuz, forma berriak hartuz, Isaskara deitu diote Ipuruako unibertsitateko adituek fenomeno berezi honi .

Geroz eta gutxiago falta da Mogel Isasi BHI institutuko ikasleek, hilabete luzetan zehar goxo-goxo prestatu duten musikal emanaldia heldu dadin. Saharar lurretatik iritsitako neskatila bat izango du protagonista, hemengo egunerokotasunean murgiltzen hasiko zaigu, zer gertatzen zaion, ingurukoek nola hartzen duten, bertako ohiturak nola deskubritzen dituen eta beste kontu ugari erakutsiko digute, artista senez, Coliseo antzokian. Institutuko eguneroko arazoak agertuko zaizkigu, umore puntu batez, betiere ikasleen ikuspuntutik, eurentzat eskola zer den edo nola irudikatzen duten jakin ahalko dugu ordubete pasa iraungo duen emanaldian.

Bistan da musikala osatzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Orduak behar dira lanean, sortuz eta ikasiz, entseguak eginez, gidoiak landuz, dantzak eraikiz eta pertsonaien larruan interpretazioak burutuz. Zeregin guzti hauetan aritu dira, ahalegin berezia eginez, Mogel Isasiko ikasleak, berritzailea den musikalaren proiektua gauzatu ahal izateko. Ikasleen sorkuntza gaitasuna eta arte tradizio ezberdinen lanketa garatzeaz gain, euskaraz topaleku dibertigarria izan dute gazteek, eskola orduetatik kanpo, bestelako kontuak ere euskaraz egin daitezkeela ikusiz eta frogatuz.

Aipatu beharra dago, irakasleen laguntza eduki duten arren, ia ia goitik behera beraiek egin dutela musikala, horrek dakarren lan guztiarekin, oraindik hasiberriak diren pertsonentzat. Garbi dago, beraz, herritarrak gonbidatu nahi ditugula ekimen honen emaitza ikustera apirilaren 20an, 18:00etan Coliseo antzokian. Zalantzarik ez izan, esperimentu dibertigarri honekin umorez kutsatuko direla bertaratzen diren ikusle guztiak, ongietorriak Isasiko lurrikarara, Isaskara!

Isaskara musikala

  • Nork: Mogel Isasi BHI-ko ikasleak (12-16 urte bitartekoak)
  • Non: Coliseo antzokian
  • Noiz: 2018ko apirilaren 20an, 18:00etan.
  • Zer: Antzerkia, dantza, kantua, umorea, drama, bizitza bera Musikal batean!

Zergatik musikal bat Mogel Isasin?

Lehendik ere ezaguna bazen ere, argigarria gertatzen da Antton Lukuk Libertitzeaz liburuan (Pamiela, 2014) eskaintzen duen gogoeta ikuskizun multi-disziplinarren sortze eta antolatze prozesuak komunitateen egituratzean dakartzan onuren inguruan.

Horrelako bidaia konpartitzen duten kideek, itsasontzia portura bideratu nahian, beraien arteko adostasunak bilatu behar dituzte eta horretarako negoziatu behar dute, bakoitzak bere gustukoa duen eremuan (musika, dantza, kantua, antzerkia, jantzigintza, gidoigintza, kudeaketa, komunikazioa,…) parte hartuz. Nork beretik ekarpena eginez, proiektuarekin inplikatu eta komunitatearekin identifikatzeaz gain, pertsonalki betea sentitzeko aukera du.

Prozesuan eta ekitaldian emozioak jartzen dira jokoan eta horrek kohesioa eta talde-identitatea indartzen ditu, besteak beste. Prozesu hori euskaraz eta euskal osagaiekin (euskal kantak, e.a.) eginez, euskara komunikaziorako eta komunitatearen kohesiorako tresna eraginkor bihurtzen da.

Musikalaren prestaketa lanak Mogel Isasin.

Eibarko Eskola maparen eraldaketa, DBHren fusioa, Hauspoa programa eta Eibarko Euskararen Plan Estrategikoa denak batera lotuz, abagune ezinhobea da hau martxan jartzeko. Bateratze horretan, auzoetako ikastetxe txikien babesean hazitako umeak zentro handiago batean kokatzean, jatorri eta kultura desberdinen elkarbizitza bideratzea lehentasunezko egitekoa izango da, eta norabide horretan, komunitatea egin, trinkotu eta artikulatzeko tresna eraginkorra izan daiteke musikal baten ekoizpenean inplikatzea gazteak.

Sorkuntza artistiko kolektiboa ikasle, irakasle, guraso eta profesional eszenikoen lankidetzaren emaitza izango da. Baina, azken emaitzak adina, bideak, lan-prozesuak izango du garrantzia, ibilbidean bertan mahairatu eta eraikiko baitira harreman sare berriak, konpetentziak, gaitasunak eta emozioak, helburu komun baten inguruan eta perfil sozial eta linguistikoak etengabe partekatuz.

2017-2018 ikasturtea gakoa da Eibarko hezkuntza sistemaren bilakaeran, eta horrekin batera abiatu beharko genuke kultura, politika, gizartekintza, bizikidetza, soziolinguistika eta hezkuntza, guztiak barne hartzen dituen ekimena.

Nola gauzatzen ari da?

 

Mogel Isasi ikastetxea Hauspoa programan ezarrita dago. Ohiko eskolak 14:30ak arte izaten dira eta arratsaldetan bestelako taller eta ikastaroak egiteko aukera dute ikasleek. Hauspoa programan musikala prestatzen joateko tallerrak izaten ari dira aurten eta horietan ari dira prestaketak lanak burutzen.

Musikala prestatzeko arte eszenikoen profesionalen laguntza eta gidaritza izaten ari dira ikasleak.

  • Andrea Covadonga aktorea arduratzen ari da interpretazioa eta kantu zuzendaritzaz.
  • Josu Mujika dantzar-irakasle eta koreografoa ari da dantza alorra gidatzen
  • Jokin Bergara bertsolariak zuzendu du gidoia prestatzeko tallerra.

Isaskara musikalaren irakasle taldea: Manu Goiogana eta Jokin Bergara bertsolariak, Andrea Covadonga aktorea eta Josu Mujika dantzaria.

Horrez gain, ikastetxeko irakasleen eta hainbat gurasoren laguntza izaten ari dira ikasleak musikalaren prestaketan. Guraso elkartearekin ekimenez abiatu zen musikalaren proiektua, Mogel Isasi BHI ikastetxea, Eibarko Euskararen plan estrategikoa aurrera eramateko Akebai plataforma eta Eibarko Udalaren Euskara eta Kultura sailak, denek bat hartuta aurrera eramaten ari da.


Utzi iruzkina: