Otsailaren 8an Behorlegi mendira

mintzmenditaldea 1456151594942 Mintzakide Mendi Taldea | 2009-02-02 09:02

Otsailaren 8an, igandea, Nafarroa Behereko Behorlegi mendira (1265m.) joanen gara.
Eguna: Otsailak 8
Ordua: 08:15ean
Tokia: Iruñeko Zezentegietako aparkalekuan. (Corralillos).


IM-HE norabidean luzatzen den gandor harritsua da mendi honen ezaugarri nabarmenena, izan ere 2 km.tik gorako luzera du karaitzezko ertz luze horrek, Apanizeko larreetatik hasi eta Olhazarreko ibarreraino. Honela, oso itxura desberdina erakusten du ikuspegiaren arabera: oso mendi zorrotza eta zaila ematen du Garazi aldetik begiratuta, zailtasun handirik gabekoa Irati aldeko errepidetik begiratuta. Arbailako mendialdeari dagokion tontorra da eta altuena ez izanagatik (Hauskoak berak metro batzuk gehiago ditu) bera da gehien nabarmentzen dena, Txindoki Aralar aldean bezala.
Ibilbide luzeak egin daitezke Behorlegi edo Mendibe herrietatik abiatuz gero, baina bada asfaltatutako bide pare bat Apanizera igotzen dena, 1000 m.tik gora. Bata Behorlegi aldetik dator Hauskoarekin lotzen duen Landerreko lepora eta bestea Mendibe aldetik abiatzen da, Armiagako hegi luzea zeharkatu eta Egurtzeko lepotik gertu paseaz. Neke handirik gabe egin daiteke Landerre nahiz Egurtze aldetik tontorrerako bidea, baina zuzenean igotzea baino hobe da Haritxarteko lepoa bilatzea lehendabizi, Mko gandorrean gora igotzeko gero, harkaitzari helduz nahiz larre errazetan gora. Ibilbide luzeagoa nahi izanez gero, hauxe duzue aukera polita: Mendibe - Armiaga - Egurtze - Haritxarte - Behorlegi tontorra - Landerre - Hauskoa - Behorlegi herria - Mendibe (6 ordu inguru).



Utzi iruzkina: