Azaroaren 8an Autza mendira
Bi bide: Izpegitik, xamurrena eta Gorostopolotik, ederra.
A) IZPEGITIK :
Ibilbide mota: Joan-etorria bide beretik
Eskema : Izpegi mendatea - Nekaitz - Arrigorri - Auza
Izpegi Nafarroa eta Nafarroa Beherea artean kokaturik dagoen mendatea da, Erratzu (Baztan) alde batetik eta Baigorri bertzetik lotzen dituena. Gaina 672 metrotan dago. Inguruko mendiak Izpegi ohiko abiapuntua da Autza (1.305 m) eta Iparla (1.049 m) mendietarat igotzeko.
Izpegiko mendateko aparkalekutik abiatuko gara. Haren amaieran zenbait arrasto abiatzen da mendi aldera. Goraka abiatzen direnak baztertu eta behera eginez hasten den bidezidor nabarmen bat aukeratuko dugu: Bankarako bidea dela adierazten du letrero batek hasieran, eta marra zuriberdez markatuta dago. Bideak ez du beherago jotzen, Olateko ekialdeko markarrak zeharkatzen ditu zeharka-zeharka, pagadian barrena, aldapa handirik bilatu gabe. Oso bide atsegina da. Bi kilometro inguruan luzatu ondoren Nekaitzeko lepora igo eta Auzaren aurrean utziko gaitu, mendiaren ikuspegi ikusgarriena erakutsiz.
Aurreko larre eremua zeharkatu behar dugu. Errazu aldera jaisten hasiz gero, ardientzat egindako itxitura bat eta borda zahar baten aldamenetik pasata bide nabarmen bat topatuko dugu. Hari jarraituz helduko gara Xorilepo lepora. Han, pista zabal baten bihurgunera heltzean, bertatik pagadiaren itzalean gora abiatzen den arrasto nabarmenari ekin behar diogu, aldapa gogor bati aurre eginez.
Arrigorriko haitz muturrera jotzen du bideak, alanbre hesi baten aldamenetik tarte luze batean, pagoen zain eta haitzen artetik beste batzutan, Arrigorriko haitza eta Auzako tontorra lotzen dituen lepora heldu arte.
Zuzenean igo gaitezke tontorrera handik, baina aldapa xamurtu eta ikuspegia hobetze aldera, komeni da lepoaren beste aldetik abiatzen den zehar-bidea bilatu eta HEko ertzera jotzea, handik tontorrerako azken txanpari ekiteko. Batetik nahiz bestetik, laster izango gara tontorrean.
Itzuleran, nahi izanez gero, Olatera igo zaitezkete, igoeran zeharka inguratu dugun mendira. Bada arrastoa Nekaitzeko lepotik gora.
B) GOROSTOPOLOTIK
Auzara igotzeko Xorroxin urjauziaren aldamenetik igaroaz, garai batean Erratzu eta Iñarbegi (Erratzuren auzo bat) lotzen zituen bidetik joanez, hain zuzen. Bertatik joanez , Iñarbegiko gailurraren magalean antzinako trikuharri bat ikusteko parada ere eskaintzen du. Honen ostean aintzina Baztango losa famatua lortzen zen harrobitik igaroaz maza deituriko gailurrera eta honen ostean Auzako tontorrera. Benetan paisaia ederrez eta zelai berdeez gozatzeko aukera bikaina da.
C) HIRUGARREN AUKERA: AUZA, IÑARBEGI AUZOA EZAGUTUZ
Ibilbide mota: Itzulia, jaitsiera beste bide batetik
Eskema Erratzu, Gorostapalo, Iñarbegi, Auza, Basagar lepoa, Iñarbegi, Erratzu
Erratzu herritik abiatuta, Gorostapalo auzora doan kamioa jarraituko dugu. Auzoaren sarreran, Salbea otoitz egiteko dioen ermitatxoa igaro ondoren, ezkerretara, errekara jaisten den bidea hartuko dugu. Zubia igaro eta berrogeita hamar metrora, ezkerretara Iñarbil auzora doan bidea utzi eta guk eskuinekoa jarraituko dugu. Aurreraxeago, berriro bi aukera ditugu: behekoa jarraituz, denbora gutxian Xorroxin ur jauzira iritsiko ginateke, baina guk ezkerrekoa, gorantz egiten duena jarraitu behar dugu. Bost bat minutura, erdi borda erdi baserri batera iristear gaudenean, bide zabaletik eskuinetara bide xumeagoa ateratzen da eta guk hortik jarraituko dugu. (Bide gurutze guzti hauetan, marra zuri/horiak daude, jarraitu behar dugun bidea seinalatuz)
Orain goazen bidea, zoragarria da. Erreka nagusia behealdean, erreka txikiak zeharkatuz, gaztainondoak bide ertzean, zenbaitetan harlauza ederrez bidea.... eta hori gutxi ez dela, malda gutxikoa. Horrela, Erratzutik Iñarbegi auzora doan kamiora irtengo gara eta hamar bat minutu kamiotik jarraituz Iñarbegi bailara zabalaren hasieran, kamioaren goialdean dagoen trikuharria ikusteko paradan gaude. (1:15).
Hego aldera, kamiora berriro jaitsita, ekialdera dauden baserrietara doan kamioa jarraituko dugu, baina berehalaxe, ezkerretara gorantz doan pista jarraituko dugu. Beste minutu gutxira, berriro ere ezkerretara gorantz doana hartuko dugu. Bide zabal hau, aurrera jo ahala, otez gero eta estaliago dago eta aldamenetik doazen oin arrastoak jarraitzea hobe. Bidearen noranzkoa, ipar-ekialderakoa da. Lehen aipatutako trikuharritik ordu erdira, 180 graduko hiru bihurgune ia jarraian egiten du bideak eta hortik aurrera oterik gabe, mendebalderantz, mendiaren bizkarraren gaina hartuko dugu.
Orain bizkarraren gainetik lehenengo ekialderantz eta gero ipar-ekialderantz, malda gutxiko kilometro bat egin beharra dugu, garai bateko harrobitxo baten aztarnen ondotik. Auza tontorra, aurre aurrean daukagu eta ez dago inolako zalantzarik.
Auza tontorraren azpira iristeko, tontor harritsu bat inguratu behar dugu ezker aldetik. Behin tontorraren azpian, haitzak bidea eragozten dutela dirudi, baina bideak haitzen eskuin aldera jotzen du eta korridore antzeko batetik gora eginez, bizkar estu gainera iritsiko gara. Beste 100 metro pasatxo igo eta goiko tontor zabalean gaude (3:00)
Orain, tontorretik hego-ekialderantz jaitsiko gara Sakanako Lepoaren bila eta hortik hegoalderantz eta geroago hego-mendebalderantz, sasi-muga egiten duen bizkarra jarraituz, zenbaitetan bizkarraren gain gainetik eta bestetan tontorren eskuin aldetik, ezker aldean Errobi bailara eta eskuin aldean Iñarbegi auzoa, beti ere bide arrastoak eta zenbait marra gorri jarraituz. Horrela, Argainetako Haitza eta Urruskaren artean dagoen lepo zabalera iritsiko gara. (4:30).
Bizkar nagusiak, Urruskaren beste aldean dagoen Berderizko lepora jarraitzen du, baina guk Urruskatik ipar-mendebalderantz ateratzen den bizkar apalagoa hartu behar dugu. Horretarako, tontorraren eskuin aldera bidetxo bat igotzen hasten da (marra gorriak zuhaitzetan), baina bost minutu baino lehen, ipar mendebalderantz jaisten hasi behar da basoan zehar (nik marra gorriak galdu egin nituen). Zuhaitzak desagertuz, belardi zabaletara iritsiko gara eta berriro zuhaitzen hertzetik, (beti ipar-mendebalderantz), bi trikuharriren ondotik igarota, Basagarko lepora iritsiko gara. (5:00)
Hemendik pista zabal bat jarraituz, Iñarbegi auzora berriro jaitsiko gara eta bi baserriren aurretik igaro ondoren, kamioak bi aukera eskaintzen ditu. (Hemendik aurrera, berriro marra zuri eta horiak) Eskuinekoa Erratzura doa. Ezkerrekoa, (beherantz) hartuko dugu eta laster, kamioa utzi eta eskuinera (ipar-mendebalderantz) ateratzen den bidea jarraituko.
Minutu gutxi beharko ditugu errekaraino iristeko eta zubia igaro ondoren, bideak ipar aldera hartzen du, oraindik jaisten hasi gabe. Aurreneko, borda baten ondotik igarotzen da eta gero (zubitik kilometro eta erdira gutxi gora behera), aurrean (ipar aldera) pixka bat beheraxeago, belardi baten erdian, hustutako baserri eder bat izango dugu. Baina puntu honetan, bideak pixka bat gorantz mendebalderantz jotzen du. (erne, marra zuri/horiak jarraitu), eta erreka baten gainetik igaro ondoren berriro ipar alderantz hamar bat minutu eta aurrerantz doan bidea utzita, eskuinetara beherantz ateratzen dena hartuko du.
Bost minutu beranduago borda baten ondotik igaroko gara eta laster zuhaitzak atzean utzita, belardietara iritsiko gara. Berehalaxe, eskuinetara, Gorostapalora minutu gutxian jaisten den bidea utziko dugu eta aurrera jarraitu, behi granja batzuen ondotik igarota, Erratzutik gertu, herri honetatik Gorostapalora doan kamiora ateratzeko. Beste hamar minutu beharko dugu Erratzura iristeko. (7:00)
KULTUR OHARRA:
Joxemiel Barandiaranen _Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca_ liburutik:
AUZA.- Baigorri aldeko mendia da Autza, Erratzuko mugetan. Han leize bat bada eta diotenez han urre gordailu bat badago. Horren ondoan, sugea eta akerra agertzen dira. Aldudeko Marttiene etxeko apeza hara aldi batzuetan joan omen zen eta urrea, sugea ate akerra ikusi omen zituen. Haitzuloko atarian kokatuta animalia itxurako jeinuak aienatzeko xedez bere otoitzak irakurtzen omen zituen. Otoitzen indarrak sugea argaldu eta mehartu egiten zuen izpi meharra balitz bezala, baina ez zuen handik botatzea lortzen. Ostia bedeinkatua bularrean zeramalarik urrea eramaten ere saiatu zen; baina gordailua ukitzen saiatzerakoan, sugea hazten zen mehatxagarri. Apeza bere helburua lortu gabe atera omen zen. Han barnean honako hotsa entzun zuen: \“bularrean daramazun horri esker; bertzenaz, hemen gelditu izan zatekeen” \. Harrezkeroztik eskualde hartako biztanleen artean honako hitzak entzutea ohikoa izaten da: \"Auza, han baduk gauza; baina neok ezin ar\". [Mintzakide Mendi Taldeak itzulita]
Informazioa hau guztia weborrialde honetatik aterea da: http://www.euskal-herria.org/ [Kontsulta:2009/11/04]
Iruzkinak
Utzi iruzkina: