Apirilak 11n Beriain mendira!!
Apirilaren 11n Beriain tontorra edo San Donatokoa ezagutuko dugu. Andia mendilerroko gailur nabarmenena da. Baita Euskal Herriko mendirik ederrenetakoa ere.
Geratzeko tokia: Betiko lekuan eta betiko tokian elkartuko gara, hau da, 8:15ean Arrotxapeako Zezentegiko behin-behineko aparkalekuan.
Denbora: 2h 05.
Zailtasuna: Ertaina.
Ezaugarriak: Igoera paregabea da, baina aldapatsua ere (800 metroko desnibela).
Abiapuntua: Unanu.
Ibilbidea: Plazan (eliza), herriaren goiko aldera doan pistari helduko diogu; ur-depositu baten ondotik igaro ondoren, Iturtxikiko iturrira eramango gaitu baso-pistak, aldapa belartsuetan gora. Mendizaleek ibilgailua hor uzteko ohitura dute, igoerari iturri horretatik ekiteko eta aldapari ordu-laurden bat kentzeko.
Pistari jarraituko diogu eta ezkerraldean agertuko zaigu igoerako zidorra. Ondo seinaleztatuta dago eta pagadian barneratzen da.
Harkaitz-irtenguneak gaindituz gero, korridore belartsu batera aterako gara. Sigi-saga baten ondoren, Unanuko atakak mendilerroaren goiko aldera ateratzeko sarrera emango digu. Ezkerrean, Ihurbaingo espoloia; eskuinean, San Donato baseliza, Berain tontorrari txapela jartzen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: