Omar urketariaren istorioa

mikelazulo 1456151393170 mikelazulo kultur elkartea | 2007-11-06 09:13
1

Omar urketariaren istorioa 

            Margolariak koadro bat egin ezinik dabil, inspirazioa falta zaio, ideia bat oihal zuria betetzeko. Halako batean maleta zahar bat topatzen du. Nork galduko ote zuen? Edo abandonatu? Baina, batez ere, zer demontre egongo da maleta horren barruan? Maleta hartu zabaldu eta bertan topatuko duena koadroa osatzeko laguntza ederra izango da.

 

            Omar urketariaren istorioa ikuskariak arabiar kulturako ipuin baten kontaketa hartzen du ardatz pertsonen alde batetik besterako migrazioetan hain ahaztua den arlo bat goraipatzeko; hain zuzen, edozein egoeraren gainetik pertsona bakoitzak gurekin daramagun kultur altxorra. Altxor hori kultura bakoitzak munduari begiratzeko eta munduan kokatzeko baliabide ezinbestekotzat izan du. Urrutiko herrialdeetatik gurera heltzen diren pertsonak ez dira tresna ekonomiko hutsak, besterik gabe erabili daitezkeenak, esplotatu eta jendartearen bazterrean mantendu. Gu bezala, beraiek ere duintasun baten jabe dira eta gauza interesgarriak dituzte kontatzeko. Margolariari bezala guri ere imajinazioa piztuko digute, baldin eta galdutako maleta batek gordetzen duena ezagutzeko kuriositatea badugu. Eta orduan, elkarren ondoan imajina genezake beste mundu bat.

 

            Idoia Berartarbide ilustratzailea eta Joxemari Carrere kontalariak dira istorio hau haurren aurrera ekarriko dutena. Hitza eta irudia uztartzen duen ikuskariak bi bide erabiltzen ditu istorioa azaltzeko orduan, biak elkarren ondoan baina, era berean, bakoitzak bere nortasuna gordez. Zuzenean osatzen joaten den istorioaren bi ikuspegi azalduko dira imajinazioaren herrialdean bide guztiak zilegi direla aldarrikatuz. Bere baitako istorioa eraikiz, ikusleak ezinbesteko hirugarren osagarria jarriko du.

2008-07-05 04:51 #1


Utzi iruzkina: