KOMUNIKATZAILEAREN DEKALOGOA
Aste honetan zehar komunikazioari buruz ikasi dugunarekin, eta profesionalek zein ikasleek egindako aurkezpenekin, ideia orokor bat eraiki dut. Beraz, nire aburuz, komunikatzaile batek eduki behar dituen ezinbesteko ezaugarriak honako hauek dira:
ISTORIOAK KONTATZEKO NAHIA.
Gizakiak betidanik, nahi izan du istorioak kontatu. Komunikazioak, hain zuzen ere, istorioak kontatzea, eta aldi berean, hartzailean erreakzio bat sorraraztea izan du beti xede.
ENPATIA
Pertsona zarenez, eta pertsonekin tratatzen duzunez gero, jendearen sentimenduak beti kontuan hartu behar dituzu. Haien azalpean jarri eta mugak hautemango dituzu. Samindu gabe eta beti errespetu osoz jokatu behar da, izan ere, mundu honetan ez du dena balio.
IDEIAK ONGI ADIERAZI
Nahi dituzun ideiak, istorioak edo sentimenduak adierazi, igorleak ulertu ditzan. Mezua beste pertsonei transmititu. Argazki, abesti edota artikulu batekin, zure barnean daukazun edozein pentsamendu edo sentipen, beste pertsona bati transmititu, eta hari ere zuk sentitzen duzuna, ahalik eta antzekoen sentiaraztea.
KONFIANTZA
Zu edo zure lanen bat irakurtzen, ikusten, entzuten, ukitzen edo usaintzen ari den pertsonak, zugan uste osoa eduki behar du, zure mezua sinistu dezan. Konfiantzan oinarritutako igorle-hartzaile lotura estua sortzearren. Konfiantza gabe ez dago sinesgarritasunik. Orduan, zertarako balio du istorioak kontatzea, inork ez bazaitu sinistuko?
IRITZI KRITIKOA
Komunikazioa gizartean dagoen botererik ahaltsuenetarikoena denez, batzuk errealitatea distortsionatu edo, okerrago, faltsukeriekin edo progagandarekin jendearen pentsamendua aldatzeko erabiltzen dute, aberastu nahian. Hori ez gertatzeko, iritzi kritikoa eraiki behar duzu. Informazioa beti egiaztatu behar da, informazio iturri desberdinetan begiratuz. Zure esku dago beraien menpe egotea edo aske izatea. " Egiak askatuko zaituzte", askatasuna eskubide eta ardura bat da aldi berean.
PERTSONALITATEA
Gizartearen pentsamoldea edo azkenengo modak zugan ez eragitea, zure iritzi propioa eraiki, horrela, zure berezko pertsonalitatea garatuko duzu. Komunikazio munduan leku bat edukitzeko eta zure estilo propioa sortzeko, pertsonalitate sendo bat eduki behar du komunikatzaileak oinarri.
ESPIRITU SORTZAILEA ETA IRUDIMENA
Gauza berriak sortzeko grina edo irrika eduki. Komunikazioko edo bizitzaren beste arloak ezagutzeko nahia izan. Gauzak egiteko modua buruz behera jarri, eta era desberdinean berrantolatu. Izan ere, "arriskatzen ez duenak, ez du inoiz irabaziko"
"KAMALEONIKOA" IZATEA
Kamaleoiaren antzera, komunikatzaileak, inguru berrietara azkar eta ondo moldatzen jakin behar dugu. Mundua eta gizartea eboluzionatu ahala, aldaketei azkar moldatzea, eta eraberritzeko erraztasuna edukitzea ezinbestekoak dira.
DINAMIKOA
Inoiz ez geldirik geratu, beti proiektu ugariak eta berriak prestatzen egon behar zara. Komunikatzaile batek beti lanaren bila joan behar da, oker zaude sofan etzanda egonda, lanak zure atea joko duela pentsatzen baduzu. Jendeak bizitzen dituen istorio ikaragarriak aurkitzeko, eta besteei transmititzeko, kanpora atera behar da, eta etengabe leku batetik bestera ibili.
JAKIN GURA
Etengabe gauza berriak deskubritzeko eta ikasteko nahia izan. Akatsak zuzentzeko eta haietatik ikasteko. Aldez aurreko jarrera ona edukitzea egoera berriekiko eta haiei aurre egiteko. Beti ispirazio iturri berriak bilatu. Inoiz ez utzi "zergatik","nola" edo "zertarako"hitzak erabiltzeari galderak egiteko. Horrez gain, beti atzean, ezkutatuta dagoenaren bila egon, eta inoiz ez amore eman.
SINTESIA:
Hitz gutxitan, hamaika adieraztea. Irudi, melodia edo begirada bakarrak, mila ekintza baino gehiago esan dezakelako.
EGIA BETI OINARRI:
Egia beti aurretik eraman behar da. Manipulatutako informazioa edo faltsukeriak onartezinak dira. Zintzotasunez jokatu behar da egiarekiko, eta batez ere, komunikatzen ari zaren jendearekiko. Eta gogoratu, zuk egia absotua ez daukazu,beraz, zureak ez diren ikuspuntu desberdinak zure errespetu berdina merezi dute. Beti errespetuz eta tolerantziaz jokatu behar da.
Hauek dira nire ustez komunikatzaile on batek bildu behar dituen ezaugarri nagusiak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: