Spam: mezu mozkortiak
Gaur ez da inuxenteen eguna... ez eta San Balentin eguna ere... ezta nire urtebetetze eguna ere... Baina mezuak iristen zaizkit: "Panasonic Plasma 42" OfferConfirmation", "¿te imaginas hablar en inglés en primavera?", "encuentra a tu pareja ideal", "flight reservation" eta antzekoak. Nork bidali dizkit? Zuk? Edo zuk? Edota zuk?
Badirudi nire korreoan "mezu bakartien parada" jartzen duela. Edota paradisua. Egunean gutxienez bat iristen da. A zer juerga botatzen duten! Mozkortu eta bidean galdu ostean lokuluzka egitera nere kontu elektronikora. Eta nik, noizean noiz, etxetik bota beharrean, esnatu eta istorioak kontatzeko eskatzen dizkiet. Sinestu egiten diet. Edota beraiek hipnotizatzen naute. Noski, nork ez luke Panasonic Plasma handi bat nahiko? Zinea garesti ateratzen da... eta etxean izango bagenu hain meheak eta handiak diren pantaila horietariko bat etxean palomitak egitea baino ez zen faltako. Zer esanik ez bidaia bat egitearen kontua. Kankunera, Brasilera edota Australiara joango nintzateke oraintxe bertan. Total, hegazkin erreserba egina dago... Bikotekidea magiaren artez etorriko balitz ondo baino hobeto. Eta ingelesez hitz egiten udaberrirako jakingo banu, orain arte ikasitakoari probetxua ateratzeko parada izango nuke.
Baina, tira, ametsek amets izaten jarraituko dute. Eta estafek ere estafa izaten jarraituko dute. Gutxienez, mezu sinesgarri eta sinpatikoak balira: "URTE BERRI, EROAK IGARRI". Oraindik, ez zaizkit horrelako mezuak iritsi. Zain nago, bada! Bien bitartean, urte berri onak zuei! Datorkigun urtea aurrekoa baino zerbait hobea izan dadila.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: