Denona denontzat

mendianlarreartean 1456151361991 MeNdiAn LaRrE aRtEaN | 2006-10-14 09:27

Adierazi. Borondatez eta askatasunez, han edo hemen , baina adierazi. Iritziak elkartrukatzeko, amets egiteko, komunikatzeko, mundu propio bat eraikitzeko, denbora gelditzeko, nork bere burua ezagutzeko... Adierazi. Baina zer adierazi? Dena, nahi duguna.

Barneak husteko eskubiderik gabe zapalkuntza ematen da. Egun gutxik egingo du zalantza hori horrela dela. Adierazpen askatasunerako bidea eraikitzea guztion esku dago; azken finean, gainerakoen adierazpen askatasuna errespetatzea geure adierazpen askatasuna errespetatzea da. Besteek badute, neuk ere badut. Baina adierazpen askatasunak ba al du hasiera eta bukaerarik? Non hasi eta non amaitzen da? Norberaren askatasuna bestearen eskubideak hasten diren lekuan amaitzen da. Kontu handia izan behar da esan beharrekoa nola esan erabakitzerako orduan; baita esan nahi dena noiz esan erabakitzerakoan ere; albokoari mingarria suerta dakiokeela pentsatu behar dugu. Pertsonaren duintasuna da balorerik gorenena. Ondorioz, guztiori dagokigu adierazpen askatasunak non dituen mugak zehaztea. Guztion betebeharra da giza eskubideak zeintzuk diren jakitea; baita giza eskubide horiek betetzea, eta horretarako askatasun osoa izatea. Ez dago arraza, hizkuntza eta klase sozialik giza eskubideen unibertsaltasuna hautsiko duenik. Eskubideak denonak eta denontzat dira.

Gizaki orok dauka bizitzeko eta askatasunerako eskubidea. Askatasunak egiten gaitu gizaki, pertsona. Gizakiaren gainerako ahalmenen erabilgarritasuna bultzatzen duen gaitasuna da askatasuna. Unibertsala eta aldaezina, denona eta inorena. Jaiotzez eta sortzez gizakia askea bada ere, esku gutxitan dagoen luxua da: boterearen izenean zapaltzen da askatasunaren eskubidea, errepresioak hartzen du esku. Demokrazia hautsi, eta diktadurarantz irekitzen da bidea. Bidexka malda bihurtzen da. Egiaren gizartea gezurraren gizarte bilakatzen da.

Askatasunerako mugak gure baitan biltzen gaitu, pertsona izateari uzten diogu. Askatasun sentimendurik, barne askatasunik ez badugu, zein beste askatasun espero genezake? (Arturo Graf)


Utzi iruzkina: