ILARGIA OPARI
Zer ote du ilargiak hain berezia gizakion begiak erabat hipnotizatzeko gai dela; orduak pasa ditzakegu begira, ezertan pentsatu gabe, baina sentsazio berezi batek saihetsak nahasten gaituela.
Sentsazio bat; sentitzen dugu, ilargia desio dugula; sentitzen dugu berak ezagutzen gaituela, ezagutzen gaituela inork baino hobeto; sentitzen dugu bere bitartez lor dezakegula hain beste desio dugun hori, bera dela gure obsesioa senda dezakeena; sentitzen dugu ezinezkoa den oro eduki genezakeela bera eduki ezkero. Guzti hori sentitzen dugu.
Baina sentitzen dugu baita ere, ilargia ez dela mundu honetako gauza, ez dela bizi dugun errealitatearen partaide. Eta horrek hare desiragarriagoa bihurtzen du. Konplizitatea sentitzen dugu berarekin, geure burua ere errealitatetik at dagoen sentsazioa eduki ohi dugulako. Ez gara guzti honen partaide.
Hortaz, geure pentsamenduek ihes egiten dute errealitatearen gartzelatik ilargiraino, beste dimentsio batetaraino. Gorrotagarria egiten zaigu errealitatea, eta bagoaz, airean, iluntasunean aurki dezakegun argi disdiratsuenari jarraiki.
Baina azkenean, norbaitek gure sorbalda ikutzen du, "berandu da, goazen" edo antzeko esaldi oso erreal batekin bonbardatuz, eta bete betean ematen digu gure ametsezko hegaletan, gartzela eta bizileku dugun mundura bueltatuz.
Eta hori da egia, benetako errealitatea; denok nahi dugu ilargia opari.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: