Egunsentia

maxuxta-marmelada 1456151354855 maxuxta-marmelada | 2007-10-04 10:29

Shhhhh.......

Gozotasun ilun batetan murgildurik aurkitzen naiz. Ezinezko da lasaitasun eta atsegin gozoagorik sentitu. Nire zentzumenek ez dute zertan kezkatu, ez baita ezer sentitzen, betirako gozotasun hau ezik. Ametsik ez. Pentsamendurik ez. Ezer ez. Soilik Gozotasun isil hau.

 

Baina ez zen betirako, ez; azkenean zentzumen bat itzarri egin zait. Nire belarriek urrutitik datorren baina azkar hurbiltzen doan soinu antzeko bat somatu dute. Azkar baino azkarrago hurbildu da, gozotasuna bat batean harrapatuz. Lepotik hartu du, estuki heldu eta gupidarik gabe bihurritu du. Hila da dagoeneko gozotasuna.

 

Iratzargailu beldugarriak baina, ez du amaitu; nire behatzek hura aurkitu ezinean dabiltza, iluntasunean itsuki mugituz. Bera bitartean, bere infernutar doinuarekin, Gozotasuna hil eta segidan nire burmuina zapaldu du mailu batez behin eta berriro, hura kezka eta estresarekin larriki zaurituz. Beldurra eta ezinegona nigan txertatu ditu, eta azkenik, nire begi lokartuak itzarri ditu.

 

Azkenean, nire behatzek lortu dute iratzargailu hilgarria harrapatzea. Isildu da bere oihua. Baina beranduegi da. Gozotasuna hilik dago, eta jada nire gorputz osoa eguneroko arazo guztiez kutsatu da.

 

Ez dut beste erremediorik; Gaixotasun aurrera doan einean, egun honetan egin beharreko gauza guztiak gogoratzen ditut. Ez dago atzera egiterik. Argia piztu beharra dut.

 

Eta kitto.Piztu dut argia. Joan da nire iluntasuna. Etorri da egun berria.


Utzi iruzkina: