Arrosaren arantzak ere ederrak dira

maxuxta-marmelada 1456151354855 maxuxta-marmelada | 2007-11-20 18:31

"Aste anonimo batetako egun anonimo batetako arratsalde gris bat da. Ez du euria ari baina kaleak ilun daude eta aireak busti egiten du. Ez da izaki bizidunik ageri. Ordea, arima ugari dabiltza dantzari, bakarrik, isiltasunean, inoiz eten gabe. Arima horietatik guztiak dira arima grisak; ez dago arima alairik. Eta ni hemen nago, leihotik begira, kalera ateratzeko beldurrez, arima gris horietako batetan bihurtzeko beldurrez."

Ez da inon aurkitzen honela hasitako ipuinik. Hala ere, ipuin bat hasi beharko banu nire bizitzako egun gehienetan hala hasiko litzateke; gaur ere bai. Bizitzan egun gehiegi dira grisak. Ez bakarrik gure bizitzan; munduarentzat ere egun gehiegi dira grisak.

Gizarteko gaitzik zabalduena depresioa dela diote mediku jakitunek. Nik ez dut depresioa denik uste baina; melankolia akaso…

Depresio hitza ez da egokia honelako egoera deskribatzeko; hitz garratza da, depre, dep re… ez, ez du egoera deskribatzeko balio. Egoera honek melankolia, tristura, iluntasuna eta mamuak dakartza, goibeltasunaren lainoek eta ezinegonaren tximistek burua inguratzen dizute bihotza belztuz.

Ez da egoera ideala, batzuentzat behintzat, gizartearen gehiengoaren iritziz; baina, zergatik ez? Zoriona ondo dago, baina akats bat dauka; baditu zenbait akats baina bata izugarriena; ez da oso kreatiboa. Ez da batere kreatiboa zoriontasuna. Eta zergati sinple batengatik; zoriontsu zarenean behar zenuen guztia duzula sentitzen duzulako, behar zenuen lekuan zaudela pentsatzen duzulako, ez duzulako besterik nahi, ez desio, ez amesten. Soilik zoriontsu zara.

Iluntasunak, monotoniak, mamuek inguratu eta harrapatzen zaituztenean ordea, ez da lasaitasunik zure ariman. Geldi egon zaitezke, baina zure barnea etengabe bihurritzen da. Ezinegonak ziztatzen zaitu, tristurak belarrira oihu egiten dizu, eta beldur gaiztoek beltzez tindatzen dituzte pentsamendu oro.

Baina aktibo zara. Eta horrek abantailak emanen dizkizu, nahiz eta jendea askotan ez ohartu; kreatiboa zara momentu horretan. Eta medikamendu bat hartu, ohean pentsamenduen zerbitzura gelditu, edo kaleko arima grisekin batu ordez, barrua husteko erabili dezakegu pozoi mingarria; orri zuri bat zikindu, besterik gabe, ondoriorik gabe, eta artearekin gure injustiziak sendatu.

Ezin dut sinetsi poetak depresiboak zirenik; ezin dut sinistu margolariak depresiboak zirenik; Van Gogh ez… Beethoven ez… Virginia Woolf depresioak jota hil zuen burua? Ez al zen hil melankolia ederrak itota? Tristura ere bada ederra. Eta edertasunak badu arriskurik. Arrosaren arantzak ere ederrak dira.

 

 

 

 


Utzi iruzkina: