SU ETENAREN URTEURRENA
Gaur urtebete su-etena iragarri zuen ETAk
Egun, ordutik hamabi hilabetera, konponbide prozesua trabatuta dago.
Imanol Murua Uria
ETAk duela urtebete su-etena iragarri zuenean, gatazkaren konponbideak lortzeko aukerak inoiz baino hurbilagoa zirudien. Arrazoiak baziren, hori pentsatzeko.
Su-etena ez zetorren bat-batean. ETAk ia hiru urte egin zituen inor hil gabe, eta ezker abertzalea gatazkaren konponbiderako estrategian sartua zegoen Anoetako Proposamena aurkeztu zuenetik, 2004ko irailetik.
Espainiako Gobernuak, Jose Luis Rodriguez Zapaterok agintea hartu zuenetik, konponbide elkarrizketaturako borondatea adierazia zuen. Eta, historian lehen aldiz, Espainiako Kongresuaren babes formala zuen ETArekin elkarrizketak izateko, 2005eko maiatzeko ebazpenaren bidez.
Konponbiderako metodologian, ñabardurak ñabardura, ados zeuden eragile politiko gehienak: alderdien mahaia esparru politikoaz negoziatzeko, eta ETAren eta Gobernuaren mahaia gatazka armatuari dagozkionak tratatzeko. Aurreko esperientzietan ez zen halako adostasunik izan.
Ezkutuan bazen besterik, gainera. ETAk eta Espainiako Gobernuak hilabeteak zeramatzaten harremanetan. Gara egunkariak uztailean emandako bertsioaren arabera, otsailean lortu zuten adostasuna bi aldeek, eta horren ondorioz etorri zen hurrengo hilean su-etena. Informazio horren arabera, Hego Euskal Herriko lau herrialdeek euren etorkizunari buruz hartutako erabakiak errespetatu egingo zituela hitz eman zuen Espainiako Gobernuak ezkutuko akordio hartan, ezker abertzaleko antolakundeei berdintasun aukera bermatuko zitzaiela, eta atxiloketarik ez zutela egingo; ETAk, berriz, atentaturik eta armaz hornitzeko ekintzarik ez zuela egingo agindu zuen.
Espainiako Gobernuak ukatu egin izan du ETArekin akordiorik egin zuela. Diskrezioaren babesean, baina, onartu izan du akordioa izan zela. Akordioaren albisteari oinarri ematen zion agiria erredakzio gehiagotara eta zenbait gune politikotara ere heldu zen. EAJko buruzagi batek Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroari agiri hartako edukiei buruz galdetu zioenean, ministroak erantzun zion hura ez zela akordioaren agiria, akordioari buruz ETAk egin zuen interpretazioa baizik.
HASIERA SEINALEA. Hiru hilabete behar izan zituen Gobernuak ETAren su-etena egiaztatzeko, eta, ekain bukaeran, bake prozesuaren hasiera seinalea eman zuen Zapaterok, Kongresuan kazetarien aurrean egindako adierazpen ofizialarekin. Gobernua ETArekin hizketan hasiko zela iragartzearekin batera, ETArentzat izan zitekeen mezua ere eman zuen: «Esan nahi dizuet Gobernuak errespetatu egingo dituela euskal herritarrek hartutako erabakiak, (...) legezko arau eta prozedurak errespetatuta hartutako erabakiak». Batasunak garrantzi handia eman zion orduan Zapateroren adierazpenari, nahiz eta ETAk gero, azaroan, gutxietsi egin zuen.
Lehen hilabeteak ez ziren oztoporik gabeak izan, dena den, zailtasun nagusiak hasieratik agertu baitziren: Espainiako oposizioko alderdi nagusiaren aurkakotasuna, batetik, eta sektore kontserbadoreek kontrolatutako erabakigune judizialak, bestetik.
ETAk su-etena eman zuen egunean, pneumonia zeukalako ez zegoen kartzelan Arnaldo Otegi, eta handik astebetera senda-agiria jaso zuenean Soto del Real espetxean giltzapetu zuten, hamar egunez, 250.000 euroko bermea ordaindu zuen arte. ETAk su-etena eman eta Zapaterok Kongresuko adierazpena egin arteko hiru hilabeteetan, hain zuzen, Espainiako auzitegien ekimenek baino ez zuten aztoratu, arriskuan jartzeraino, distentsio giroa. Maiatz bukaeran eta ekain hasieran izan zuen prozesu hasi berriak egiaztatze fase hartako unerik larriena, Fernando Grande Marlaskak Otegi eta Batasuneko beste zazpi mahaikide deklaratzera deitu zituenean, espetxera bidaliko zituela zirudienean. Ezkutuko negoziazio tirabiratsuen ondoren, azkenean Batasuneko kideak ez ziren espetxera joan, eta Patxi Lopezek Batasunarekin bilera egingo zuela iragarri zuen.
AKORDIOA ETA BILERAK. Hala eta guztiz ere, maiatz bukaerako krisi larria gaindituta, Gobernuak su-etena egiaztatutzat jo, Zapaterok elkarrizketen hasiera iragarri eta Batasunak Espainiako gobernuburuaren adierazpena ontzat jo zuelarik, bake prozesua ondo bideratuta abiatu zela zirudien, ekain bukaera hartan. Zerk huts egin zuen, orduan, hurrengo hilabeteetan?
Batetik, ETAk eta Espainiako Gobernuak otsailean hitzartu omen zuten akordioa ez zutela errespetatu, aurrena Gobernuak, eta azkenean ETAk. Gobernuak ez zuen errespetatu, batez ere, Espainiako auzitegiek ez zutelako su-etenik egin, atxiloketak egin izan zituztelako eta ezker abertzaleko antolakundeen aurkako jazarpena ez zutelako eten. ETAk, berriz, Gobernuari erantzuteko Vauverten armak lapurtu zituenean, aurrena, eta Barajasen atentatua egin zuenean, gero.
Bitartean, ETAren eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen arteko komunikazio hariak zabalik egon ziren. Bi aldeetako iturriek urrira arte batere bilerarik ez zela egin zabaldu bazuten ere, bertsio sinesgarri batzuen arabera uztailean dagoeneko lehenengo bilera egin zuten bi aldeek, irailean berriro elkarrizketatu ziren, eta urri bukaeran, ETAren arma lapurretaren biharamunean, beste bilera bat egin zuten. Barajasko atentatuaren aurreko azken bilera, bi aldeetako iturrien arabera, abenduan egin zen, Barajasko atentatua baino bi edo hiru aste lehenago.
Azken bilera hari buruz Gara-k eman zuen informazioari erreparatuta, ez dirudi haustura eragiteko moduko ezer gertatu zenik: «Bi aldeek proposamenak trukatu zituzten» eta ETAk «prozesua hurrengo urteetan garatzeko proposamen orokorra» jarri zuen mahai gainean. El País-en bertsioa bestelakoa zen, baina ez kontrajarria: elkarri konpromisoak bete ez izana leporatu ondoren, lurraldetasuna, erabaki eskubidea eta Alderdien Legearen indargabetzea eztabaidagaietan sartzea proposatu zuen ETAk, eta Gobernuak ezezko biribilarekin erantzun zuen: «Ez, ez eta ez», El País-en arabera.
BAKEA ETA POLITIKA. ETAren eta Espainiako Gobernuaren artekoa ez zen huts egin zuen ardatz bakarra, jakina denez. Izan ere, prozesuaren helburuari eta izaerari buruzko desadostasun sakonagoak ezkutatzen ziren bi mahaien metodologiari buruzko adostasunaren atzean: bake prozesua ETAren indarkeria amaitzera mugatu nahi dutenen eta abagunea esparru politikoa aldatzeko baliatu nahi dutenen arteko borroka etengabea izan da, azken batean, konponbiderako prozesu oraingoz huts eginean. Gatazka politikoa konpontzeko esparru politikoa aldatzea beharrezkoa dela uste dutenen artean ere bada desadostasun garrantzitsurik: aurrena bakea eta gero politika printzipioarekin bat egiten dutenek bi mahaiak erabat bereizi nahi dituzte, baita denboran ere, eta politikarekin bakea printzipioari eusten diotenek uste dute bi mahaiek aldi berean egin behar dutela aurrera.
Ikuspegi kontrajarri eta bateraezin horiek ezinezko egin zuten, Gobernuak su-etena egiaztatutzat zeukan garaian ere, alderdien mahaia martxan jartzea, normalizazio politikorako akordioa helburu izango zuten negoziazioak ofizialki hastea; eta zaildu egin zuten alderdien arteko elkarrizketa diskretu eta sekretuek emaitzak izatea.
Azkenean, hala ere, PSOEk eta EAJk adierazpen publikoetan bakea finkatu arte negoziazio politikoei ez ekitea proposatzen bazuten ere, politikarekin bakea jorratzeko bideari heldu zioten Batasunarekiko negoziazio sekretuetan. Akordio zirriborroa hitzartzeraino heldu ziren hirurak, baina Batasunak lurraldetasunaren arloa zehaztasun handiagoz hitzartu nahi izan zuenean, akordioa eta elkarrizketak bertan behera gelditu ziren. Azaroa zen. Geroztik, hiru alderdi nagusien arteko negoziazioak etenda egon ziren. Eta alderdien arteko hariak berriro mugitzen hasi zirenean, Barajasko atentatua etorri zen.
Atentatuak arauak aldatu ditu. Edo, behintzat, aurrena bakea eta gero politika printzipioari indar berria eman diola dirudi, eta prozesuaren izaerari buruzko ikuspegi kontrajarriak are bateraezinagoak direla orain. ETAk indarkeriaren bidez berriro ez duela esku hartuko bermea eskatzen dute, besteak beste, PSOEk eta EAJk, horren ondoren normalizazio politikoari buruzko negoziazioari ekin ahal izateko; baina indarkeriari buruzko bermerik eman aurretik, bere ikuspegitik gatazka konpontzeko baliagarri izan daitekeen akordio politikoa ziurtatu nahi bide du ezker abertzaleak.
ETAk atentatua egin zuenetik ia hiru hilabete joan dira, eta alderdiak hizketan ari dira berriz -baita Batasunaren eta PSE-EEren artean ere-, baina prozesua bideratzea lortu gabe hurbiltzen ari da udal hauteskundeen une erabakigarria, ezker abertzalea beste lau urtez udal instituzioetatik kanpo utziz gero prozesua arnasarik gabe utz dezakeen une arriskutsua.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: