Astelehen beltza

mariano 1456151252371 Egunerokoak | 2008-01-24 20:28

Ez dakit hau jende askori inportatuko zaion, niri behintzat bai. Munduko burtsetan aste honetan gertatu denaz ari naiz.

Egun batetik bestera munduaren azken hatsaren atarian geundela zirudien. Atzo, jendea zer gertatuko zain zegoen, irrikaz zegoen. Gaur, ordea eta batzuen mesederako egoera baretu da aspaldi gertatu ez den burtsaren indizearen igoera batekin. Lehengo baloreekin parekatu da burtsa azken igoerarekin, nonbait. Baina horrek guztiak zer garrantzia dauka guregan? Nola nabari ditzakegu aldaketa hauek guztiak?

Ezer baino lehen esan dezadan ikuspuntuak berebiziko garrantzia duela. Hau da, ez da gauza bera estatu batuarra izatea eta etiopiarra izatea. Kezkatuta egongo ginateke britaniarra izanda baina batere kezkatuta Zelanda Berriko natibo bat bagina. Ikuspuntuak eragingo du erreakzioa.

Burtsan dirua inbertitzen duen estatu batuar orok kezkatuta egon beharko zukeen pasa den asteartean. Estatu batuar ertainak, haatik, europar batek New Yorkeko denda garestienetan nahi duena erosten ikusteak, sutan jartzen ditu, eta sutan jartzeaz batera, kezkatu egiten ditu. Orain arteko ordena logikoa hankaz gora dago. Hots, orain arte haiek, estatu batuarrak, izan dira mundua kontrolatu dutenak, beste herrialde batzuetara joan direnak erosketak egitera haien herrialdean baino merkeago. Hara non europar xumeak munduko kapitalera etorri diren haien egoera ekonomiko ona aurpegiratzera. Hortik datorkie kezka, haiek barneratutako ordena logiko horren aldaketatik. Eta, noski, dolarrak boterea galdu badu, estatu batuen ekonomiak ere bai. Ez gara dagoeneko munduko liderrak, ez dugu jarraibidea berriro markatuko. Pentsaera aldaketa horrek eraginda edo, estatu batuarrek ez dituzte lehen horrenbeste erosketak egiten eta madarikatutako hitza zerumugan ikus dezakete: atzerapena, “recesión” edo dena delakoa. Betiere krisi hitza baztertuta. Hitz madarikatuaren agerpenak hiritar guztien erosketa-mailaren murrizketa ekarri du eta horrek ekonomia orokorrean eragina izan du. Eta, haiek kontrakoa pentsatuta ere, AEB-ek doministiku eginez gero mundu osoa gripeaz kutsatzeko bidea dagoen seinale. Horrexegatik, igaro den asteartean hain kezkatuta egon beharko zuketeen hainbat estatu batuarrek krisiaren atarian gaudela pentsatuko zuten.

Gertaera horiek guztiak, berriz, ez zuten berdin ikusi etiopiar gehienek. Gebreselassie kenduta, ia guztiek larritasun bat edo beste pasako zuten, egunero bezala, pasa den asteartean haien seme-alaben ahoetara zerbait eramateko. Globalizazioaz galdetuko bazenie, zertaz ari zaren erantzungo lizukete ziur asko. Zergatik kezkatu beharko ninduke Finlandian gertatzen denak? Amerikako Estatu Batuak non dauden? Zeintzuk dira hoiek ? (esan gabe doa, inor haserre ez dadin, ziurrenik etiopiar gehienak ni baino azkarragoak izango direla, Etiopia aukeratu dut beste edozein herrialde aukeratu nezakeen modu berean). Haiek hurrengo egunaren jana dute hizpide, beraien seme-alabak zer izango, baratzea hobeto nola ustiatuko. Bost axola Zara-k edo Microsoft-ek makina bat milio galdu izanak. Haiek euren elikagaiak ekoizten dituzte, euren seme-alabak hezitzen dituzte, euren etxeak aurrera daramatzate beste herrialde batean bizi direnak oztopatu gabe. Haiek duten ondasun oro bizitzeko behar duten guztia da, ez gehiago. Hau da, ez dute balizko dirua ibiltzen, guk egiten dugun moduan. Etiopiako burtsa haien eskuetan dago: haiek darabiltena baino ez da Etiopiako burtsa. Zelanda Berriko natiboekin gertatzen den bezala. Ijitoekin gertatzen den bezala. Hainbat eta hainbat giza-talderekin gertatzen den bezala.

Aspaldiko datu batek argi utzi zuen duela asko munduaren egoera: munduaren %20ak baliabideen %80 kontsumitzen duelarik munduaren %80ak baliabideen %20 baino ez du kontsumitzen. Oreka aspaldi galdu zela islatzen du horrek. Burtsa guri bakarrik axola zaigula islatzen du. Zer egin edo non jarri nire bizitza osoan irabazitakoa gehiago eduki ahal izateko hainbatek eta hainbatek sabelara zer eramana ez duten bitartean. Horra hor gizarte honen kontraesana. Horra hor edozein burtsaren beheranzko edozein marraren seinalerik argiena: jasangarritasuna utopia bihurtu dugu. Bakarrik gure baloreen jasangarritasuna dugu helburu. Horregatik nioen hasieran inportatzen zitzaidala. 


Utzi iruzkina: