MAITAGARRI ERRADIKALAK GARA

1 1

maitagarrierradikalak 1558426025393

LGBTI+ kolektiboko kide izan arren, arraro eta ezberdin sentitu izan zara noizbait? Gay, lesbiana, bisexual eta transexual askoren ohiko bizimodu ereduarekin talka egiten duzu? Giro horretan zure behar nagusiak asetzen ez direla uste duzu? Gure gizartean itxura fisikoari ematen diogun garrantziaz eta neurririk gabeko kontsumismoaz nazkatuta zaude? Grindr eta antzeko aplikazioetan hain errotuta dagoen sexu azkarreko harremanek min ematen dizute? Hala bada, lasai: ez zara bakarra eta ez zaude bakarrik. 

Bestalde, Naturaren beharra duzu ongi sentitzeko? Zure espiritualtasunean sakondu nahiko zenuke? Zure burua hobeto ezagutu nahi duzu? Antzeko beharrak dituzten beste pertsona batzuekin egonaldi batean parte hartuko zenuke? Azken galdera hauei baietz erantzun badiezu, apustu egingo nuke artikulu honek zure arreta piztuko duela ;-)

70eko hamarkadan LGBTI+ kolektiboko aktibistek urrats handia eman zuten euren kideen aldeko eskubideen defentsan. AEBetan, adibidez, aktibista horiek lorpen ugari gauzatu zituzten, baina horrekin batera, kolektiboaren zati handi batek kontsumismoa eta gau giroan modan jarri zen alkohola - drogak - babesik gabeko sexu harremanak ere besarkatu zituen. Eta testuinguru horretan, Harry Hay izeneko aktibistak eredu alternatibo bat sortu zuen. Natura, adiskidetasuna, elkarren arteko laguntza eta zaintza, espiritualtasuna, heteronorma gainditzen duten sexu harremanak eta bizipoza hobetsi zituen, besteak beste. Emaitza, MAITAGARRI ERRADIKALEN KOLEKTIBOA izan zen (Radical Faeries)

Ordutik 40 urte baino gehiago igaro dira eta denbora honetan Maitagarri Erradikalen sarea handitzen eta zabaltzen joan da Planeta osoan zehar. Hala ere, deigarria da gaur egun oraindik LGBTI+ kolektiboko pertsona askok ez dutela inoiz ezer entzun talde honen inguruan. Nik duela 3 urte izan nuen bere berri lehen aldiz Bartzelonan bizi den lagun baten bitartez. Horrela jakin nuen, adibidez, Frantziako ekialdean Maitagarri Erradikalen etxe bat dagoela eta bertan hainbat topaketa egiten dituztela maiatza eta urria bitartean. Gai ezberdinen inguruan antolatzen dira topaketa horiek: naturarekin konexioa, tantra, udako solstizioa, Sex Magic, bihotzeko zirkuluen astea... egonaldi bakoitzak bere berezitasunak ditu eta, aldi berean, topaketa guztiek antzeko giroa dute, Maitagarri Erradikalen mundu miragarriak nortasun berezia duelako.

Eta zer ezaugarri ditu nortasun horrek? Hainbat puntu nabarmenduko ditugu, ideia zehatzago bat izan dezazuen:

  • Berdin dio zure genero identitatea eta sexu aukera zeintzuk diren. Zaren moduan zara ongietorria Maitagarri Erradikalen taldean. Queer teorietatik asko edan dute Maitagarri Erradikalek azken urteetan. Hala ere, eta egiari zor, orain arte egon naizen topaketetan gizonak gustuko dituzten gizonak aurkitu ditut batez ere, eta hori adieraztea garrantzitsua dela iruditzen zait, bada ezpada.
 
  • Topaketak irauten duten bitartean zure ohiko bizimodua eremu horretatik kanpo utz dezakezu. Nahi duzun izena aukera dezakezu bertan egongo zaren egunetarako. Txikikeria dirudi izenaren kontuak, baina badu bere arrazoia: gurasoengandik jaso dugun izenak uste baino gehiago balditza gaitzake. Eta Maitagarriek libre sentitu nahi dugu. Garen moduan izateko. Nahi dugun moduan bizitzeko. 
 
  • Izenarekin ez ezik, gure itxurarekin jolastea ere maite dugu. Edozein ordutan. Edozein unetan. Ez harritu basoan paseo bat ematen ari zaren bitartean soineko luze - elegante bat eta takoiak daramatzan Maitagarri batekin topatuz gero, ala biluzik doan norbait ikusten baduzu. Ohikoa da Maitagarri Erradikalen mundu miragarrian. 
 
  • Kantatzeko gogoz bazaude, kantatu ezazu. Meditazioa egin nahi izanez gero, lasai meditatu. Zure kezkak hitzez adierazteko beharra baduzu, lagunik ez zaizu faltako. Eta paseo bat bakarrik eta isilik eman nahi izanez gero, lekurik aproposenean zaude. Maitagarri Erradikalen munduan gure emozioak lasaitasunez bizitzeko baimena eman diezaiokegu gure buruari. 
 
  • Maitagarriak persona aktiboak izateaz gain, ondo antolatu ohi gara. Goizero zirkulu handi bat osatu, eta bertan eguneko plana zehazten dugu: eginbeharrak, otorduen eta garbiketen txandak, eskainiko diren tailerrak, informazio praktikoa… Bestalde, malgutasun handia izaten dugu eta egun batean gauza handirik egiteko gogorik ez baduzu, hori ere ondo dago, atseden hartzera eta pilak kargatzera ere joaten garelako topaketa horietara. Baina harrigarria da ikustea zenbat gauza egiten dituzten Maitagarriek, bereziki talde lanean. 
 
  • Bihotzen Zirkuluek berebiziko garrantzia dute guretzat. Eta zer dira Bihotzen Zirkuluak? Buruan ditugun pentsamenduak, kezkak eta emozioak hitzen bidez adierazteko espazioak dira. Pertsona batek hitz egiten duenean, zirkuluan dauden gainontzeko pertsonak entzuten ari dira. Ez dute ezer erantzuten, ezta aipamenik egiten ere. Ez dute entzundakoa epaitzen. Eta persona guztiek izaten dute hitz egiteko aukera zirkulu horretan. Gure barruak hustutzeko, gure sentimenduak partekatzeko, beste pertsonen jarrerak hobeto ulertzeko eta enpatia sortzeko tresna bikaina da Bihotzen Zirkulua. Gomendagarria benetan!
 
  • Maitagarriek larrua jotzea maite dugu. Baina horrek ez du esan nahi amaierarik gabeko orgia batean bizi garenik. Bakoitzak gure intimitatea ulertzeko modua dugu, eta horregatik jarrera guztiak onartzen eta errespetatzen ditugu. Gure nahiak eta beharrak adierazteko eta, aldi berean, gure mugak ezartzeko leku seguruan gaude. Eta norberak bere burua hobeto ezagutzeko, garen moduan azaltzeko eta beldurrak eta desioak gainditzeko espazio aproposa eraiki ohi dugu. Taldean.
 
  • Maitagarriek elkar zaintzen dugu. Arlo askotan: babesa eskainiz, besarkada bat ematen, denentzat janari goxoa prestatzen, masaje bat eskaintzen, entzuten, gure alderik hauskorrena erakusten… eta maitasun horrek ez du parekorik.
 
  • Maitagarriei mordoa gustatzen zaigu ondo pasatzea. Nola? Mila modutara: kantatzen, dantzatzen, jolasten, lakuan bainu bat hartzen… bazkal osteko platerak garbitzea festa erraldoia izan daiteke norbaitek musika topera jartzen duenean. Eta tarteka antolatzen ditugun "Non Talent Show"ak mundialak izaten dira. 

 

Orain arte aipatutakoak jakinmina piztu dizu? Informazio gehiago nahi duzu? Ba, lasai, webgune hauetan aurkituko duzu:
 
 


 
Europako Maitagarri Erradikalen erreferentzia nagusia Folleterre da. Frantziako mendebaldean dagoen etxe honek duela 10 urte baino gehiago ireki zituen bere ateak eta 6 hilabete ematen ditu zabalik urtean. 2019ko udan egingo dituzten topaketa gehienetarako taldeak beteta daude jada, baina baliteke azken unean hutsuneren bat izatea, beraz, interesik izanez gero, eman zure izena. 
 
Bestalde, 2019ko otsailean Maitagarri Erradikalen etxe berri bat zabaldu zuten Portugalen. Alto Das Fadas da bere izena, eta oraindik uda honetarako topaketak zehaztu ez dituzten arren, seguru naiz bertara joateko hainbat aukera izango direla. 
 
Datozen asteetan informazio gehiago plazaratzen joango gara blog honetan eta facebooken. 
 
Gora Euskal Herriko Maitagarri Erradikalak!!!
 
   SPLASH!!!
 
Donostia, 2019ko maiatza
 
 
 

twitter: BlogakEus

2019-05-31 08:43 #1

Ongi etorri Blogak.eus Komunitatera! Animo ibilbide berrian! ;)


Utzi iruzkina: