Praktikak - 2.astea
Astelehena, urriak 15
Oso pozik heldu nintzen ofizinara, jendearekin hitz egiten nenbilen eta bat-batean Oihane Mateos lankideak esan zidan: gaur lokutatu egingo duzue! Jarraian barrezka hasi eta ``broma dela´´ esanda kafe bat hartzera joan zen. Bost minutu baino ez ziren pasa Aintzane etorri zenerako: ``gaur lokutatuko duzue albiste bat´´, bi bekadunoi zuzenduta. Papertxo bat eman eta irudiak bilatzeko esan zigun. Gure aurpegiak ikustea gustatuko litzaidake... Lokutatzea ez da benetan arduratzen ninduena, baina beste lankide guztien aurrean lokutatu behar genuen! Horrela egiten dutelako egunero. Azkenean beldurra kendu eta lehenengo hitza esan nuenerako lotsa desagertu zen, hala ere, inoiz ez dut ahaztuko momentu hori. Lankide guztiak egon ziren laguntzeko prest eta ondo lokutatzeko hainbat aholku eman zidaten. Alde batetik, irrifar batekin irakurtzea. Bestalde, ez oihukatzea, askotan horrela hobeto irtengo dela pentsatzen dugulako baina oso faltsua geratzen da.
Oso pozik eta harro joan nintzen etxera, ondo egin nuela esan zidatelako eta lokutatzea nire gauzarik gogokoenetarikoa izatera pasa da.
Asteartea, urriak 16
Asteartean lehenengo aldiz albistegian emititzeko lana bidali zidaten. Alde batetik, oso pozik nengoen, horrek esan nahi zuen nire lanan konfidantza zutela eta beste alde batetik, oso urduri. Hala ere, poztasunak irabazten zuen. Arabako dolmen baten inguruko albistea egin nuen, 20 segunduko off jarraia. Oso laburra dela banekien, eta baita garrantzia handirik ez zuela ere, baina idatzi, editatu eta ordu batzuk geroago zure lana telebistan ikustea sentsazio paregabea da. Gainera, errealizazio gelara sartu ginen eta zuzenean ikusi genuen nola emititzen ziren albisteak, nola sartzen ziren zuzenekoak, tituloiak jartzeko trio izeneko aparatua... Hor barruan sortzen den giroa estresantea iruditu zitzaidan oso, tituloiak ez ziren sartzen, beste tituloi baten 12.0000 zegoen idatzita eta ezin izan zuten zuzendu, ez zekitelako 12.000 edo 120.000 zen zenbaki zuzena. Beraz, oso azkar erreakzionatu behar duzu eta tituloia kendu. Hor egon ondoren konturatu nintzen errealizazio lana ez dagoela niretzat egina, askoz hobeto moldatzen naiz albisteak idazten, editatzen eta lokutatzen.
Asteazkena, urriak 17
Aurreko eguneko albistea ondo atera eta gaur ere emititzeko lana bidali zidaten. Astearteko prozedura berdina jarraitu nuen, informazioa bilatu, irudiak bildu, idatzi eta editatu. Egun hontako gaia genero indarkeria izan zen eta estilo liburua erabili nuen horren gai sensible batekin hanka ez sartzeko. Albistea ondo atera zen eta etxerako bidean nengoenean busean ikusi nuen, aurreko egunetako poztasun hori nire albiste bat ikusten eta entzuten dudan bakoitzeko handiagoa egiten da. Asko nabil ikasten eta egunero nabaritzen dut idazteko erreztasun handiagoa dudala.
Osteguna, urriak 18
Aurreko egunetako prozedura berdina jarraituz, emititzeko albiste bat bidali eta lanean jarri naiz. Ikaragarri gustatzen zait batez ere informazioa biltzeko momentua, Inspector Gadget sentitzen naiz, eta gero eta informazio gehiago jaso, nahiz eta zailagoa izan, gero eta gehiago gustatzen zait gero gure albistea idaztea. Askotan kostatzen da objektiboki idaztea, beti gure iritzia sartzen dugulako edozein esalditan, hala ere, atzo esan bezela, gero eta errazagoa egiten zait eta oso seguru sentitzen naiz idazterako orduan. Gainera telefonoko 4 zenbaki sakatuta itzultzaileekin jarri naiteke kontaktuan, eta nire testua amaitzerakoan ere haiengana gerturatzen naiz zuzentzeko, kriston erreztasuna dute eta asko ikasten dut haiekin ere.