Praktikak - 1. astea
Astelehena, urriak 8
Ane Miren Lizarralderekin gerturatu ginen albistegia prestatzen duen taldearengana. Gure burua aurkeztu eta Aintzane Bolinaga ezagutu genuen, gure tutorea eta gaueko albistegietako arduraduna da bera. Pluralean hitz egiten dut, beste bekadun batekin nagoelako, bera Jon Gartzia da, EHUko 4.mailako ikaslea. Egia esan, horri esker askoz lasaiago sentitu nintzen, aurreko formakuntza saioetatik ezagutzen ginelako.
Lehenengo eguna zenez, ez genuen lan handirik egin, beste kazetariekin hitz egin genuen eta guztion erantzuna zen: ''lasai hartu, denok egon gara zuen lekuan''. Horrek ere, asko laguntzen du, guztiak guri laguntzeko prest agertu ziren eta eskertzekoa da benetan.
Ordenagailua martxan jarri eta gutxira, Aintzane etorri zen prentsa ohar batzuekin, egoera txarrean bizi direnentzako eguneko zentro batzuen inguruko albiste batekin. SAR+OFF bat egitea eskatu zigun, irudiak bilatu, editatu eta testua idaztea izan zen gure lana eta hortan ibili ginen arratsalde osoa.
Lehenengo eguneko inpresioa oso ona izan zen, gehien gustatu zitzaidana ematen dizuten askatasuna izan zen, zure modura idazteko askatasuna eta zuk erabakitzen duzun irudiak sartzekoa, alegia.
Asteartea, urriak 9
Bigarren eguna. Urduritasuna neurri handi batean desagertu da. Erredakziora heldu eta Aintzanerekin zuzendu nuen aurreko egunean egindakoa, zorionez, nahiko ondo zegoen eta horrek ere asko lasaitu ninduen. Eguneko lana, Balenziaga museoan zegoen erakusketa baterako bideotxo bat sortzea, musikarekin eta aurreko egunekoa baino edizio lan handiagoa eskatzen zuena. Testu aldetik ere, kultura albistea izanda, beste hizkuntza kutsu batekin idatzi behar dudala jakinda lanean jarri nintzen.
Egunean bertan zuzendu nuen Aintzanerekin eta hizkuntza poetikoegia erabili nuela esan zidan, beraz, aldatzeari ekin nion eta asko hobetu nuela esan zidan.
Egun hontan betirako buruan geratuko zaidan esaldi bat bota zidan Aintzanek: ''Pónle cara al espectador'', nire ama, aita edo edozein lagunen aurpegia imajinatu behar nuen pantailaren beste aldean eta horrek idazterako orduan, asko lagundu zidan.
Asteazkena, urriak 10
Lanera oso pozik ailegatu nintzen banekielako beste kazetari batekin kalera ateratzea tokatzen zitzaidala. Andrea Arrizabalagarekin Sestaora joan nintzen, LA NAVAL enpresaren manifestaziora. Kale inkestak egin genituen eta datuak biltzen ibili ginen, Andreak manifestazioa amaitzerakoan bere statementa prestatzeko, zuzenekoa egin behar baitzuen, bai Gaur egun eta baita Teleberrirako ere. Nik pentsatzen nuen pronterra erabiltzen zutela, baina gehienek buruz egiten dute! Horrek ikaragarri harritu ninduen, batzuetan oso statement luzeak direlako, eta gaiak batzuetan oso sakonak izaten dira. Gainera, zuzenean denez, trabatzen bazara esaldia bukatu behar duzu alabeharrez, eta niri beldurra ematen dit. Hala ere, pronterra erabili ahal dela esan zidaten, uffff.
Eguna oso ondo joan zen baina gutxien gustatu zitzaidana jendearen erreakzioa izan zen. Kale inkestak egiterako orduan, jendeak,ustez, mikrofono baten ordez pistola bat ikusten du, mikrofonotik ahalik eta urrunen jartzen dira eta oso zaila da zurekin hitz egin nahi duen norbait aurkitzea. Hortaz gain, Andreak irakatsi zidan beti dibertsitatea lortu behar duzula, gizonak eta emakumeak, gazteak eta zaharrak elkarrizketatzea, ahalik eta iritzi ezberdinenak lortzeko eta horrela, kolektibo guztiak errepresentatzeko aukera dago.
Osteguna, urriak 11
Laneko azken eguna, aste honetakoa noski, eta oso azkar pasatu da. Gaur beste albiste bateko SAR+OFFa prestatu dugu, hau da, sarrera eta aurkezleak irudiak agertzen diren bitartean irakurriko duena. Gaur lasaiago idatzi dut eta seguruago sentitzen naiz idazterako orduan, gero eta gehiago gustatzen zait hemen egitea lan. Kazetarien artean dagoen harremana, antolaketa, albisteak lantzeko modua... Oso positiboa izan da jaso dudan guztia eta esan dezakedan gauza txar bakarra, batzuetan oso lanpetuta dabil Aintzane eta gu beste lan bat garenez, molestatzean txarto sentitzen naizela da. Hala ere, berak esaten digu nahibeste aldiz gerturatzeko eta horretarako gaudela, ikasteko.