Praktikak - 5.astea

No profile photo Maidonoso | 2018-11-08 22:17

Astelehena, azaroak 5

Musika nire gairik gustukoenetarikoa da eta egun honetan TOT-OFF bat egitea egokitu zitzaidan. Tot-off batean lokuzioa hasi baino lehen musika entzuten da eta albiste ‘apainduagoa’ egiteko aukera dago. Gainera, esklusiba bat zen! Ruper Ordorikaren bideoklipa inor baino lehenago ikusteko aukera izan nuen eta beldurtu egin ninduen nola idatzi horren inguruan, zaila egiten zait sentsazionalismora ez jotzea, esklusiba bat da bai, baina seriotasunez hitz egin behar da horren inguruan eta ezin da iritzia eman, beraz, ez nekien nola azaldu esklusiban ikusteko aukera zegoela, bazirudien ni saltzen ari nintzela eduki hori eta beste batzuetan baino gehiago kostatu zitzaidan testua idaztea. Hala ere, nire lankideen laguntzarekin lortu nuen emaitzarekin pozik nago.

 

Asteartea, azaroak 6

Drogaren gaia landu nuen asteartean, Logroñon gertatutako gauza bat azaldu behar izan nuen eta Euskal Herriarekin lotu, Araban eta Nafarroan saltzen baitzuten sustantzia hori.

Egun lasaia izan zen eta denbora soberan eduki nuen amaitzeko eta 8etan emisiora sartzeko eta zuzenean errealizaziokoen lana ikusteko.




Asteazkena, azaroak 7

Aurreko asteko kontu bera, 8ak eta oraindik albistegian agertu behar ziren irudiak ez zeuden igota plataformara. Amorrua eman zidan erredakziotik joan behar izatea, gainera bi albiste nituen eta biak, ekitaldiak ziren eta arratsaldeko 7etan ospatzen ziren. Monikak muntatu zituen irudiak eta emaitza ona lortu genuen bion artean baina amorrua eman zidan nire lana osorik ez amaitzea.

 

Osteguna, azaroak 8

Ingelesez heldu zaizkit gaurko albisteko datuak, printzipioz nik ez daukat arazorik ingelesarekin baina gaia da ez dudana ondo ulertu: fragata batek petrolio ontzi batekin talka egin duela. Gutxi gora behera ulertzea lortu dudanean, beste komunikabideek jarri dutena irakurtzen eta entzuten ibili naiz, informazioa kontrastatzeko eta bakoitzak gauza ezberdinak esan ditu. Batek, inguruko 5 produkzio-planta itxi dituztela; besteak, planta bakarri itxi duela. Eta berdin beste hainbat datuekin. Lankideei komentatu diet eta niri bidalitako teletipoan oinarritzeko esan didate, eta hala egin dut.

 

Amantalak etxera!