Praktikak - 3.astea
Astelehena, urriak 22
Hirugarren astelehena baina indarrak eta gogoak bizi-bizi jarraitzen dute. Eguneroko plana gaurkoa ere, nire albistearen zain geratu, irakurri, informazioa jaso, bideoa editatu, testua sortu eta etxerako bidean nagoela mugikorrean zuzenean ikusten dut emisioa. Lehenengo aldiz nire albistea ez da agertzen… urduri jarri nintzen, agian txarto zegoen idatzita edo edizioa ez zegoen ondo eginda. Bi aldiz pentsatu nuen hori baina gutxira konturatu nintzen gogoz egiten den zerbait ezin dela txarto egin eta beste azalpenen bat edukiko zuela. Eskerrak hala izan zela, hurrengo egunean Aintzanek azaldu zidan denboraz oso justu gindoazela eta albiste hori kendu egin behar izan zutela… UF!
Asteartea, urriak 23
``Almudena Grandes gana en premio nacional de narrativa´´ izeneko albiste bat eman zidaten eta eguneroko lan berdinari ekin nion, nire lana ia amaituta nuenean teletipo berri bat heltzen zait, Almudenak arratsaldean emandako prentsaurreko bat, eskerrak ematen eta sariari buruz hitz egiten. Supr teklaren laguntzarekin, egindako lan guztia ezabatu eta berriro ere hasi nintzen, prentsaurrekoa osorik entzun, korte labur bat lortu (eta emakumeak ez du gutxi hitz egiten). Amaitu nuenerako gaur eguneko kareta telebistan agertzen ari zen, niretzat oso larri ibiltzea izan bazen ere, badaude kazetari batzuk haien bideoa agertu baino 5 minutu lehenago ere editatzen jarraitzen dutenak eta lasai gainera! Zaila egiten zait pentsatzea egunen batean horrelako egoera bat lasai hartuko dudala, baina egia da orain dela bi aste urduri jartzen ninduela nire albistea idatzi beharra eta orain asko gustatzen zait, eta lasai hartzeaz gain disfrutatzen dut.
Asteazkena, urriak 24
Egunero lan berdina edukita, pentsatzen nuen nire egunerokoa oso aspergarria izango zela baina egunero gertatzen zait zerbait berria. Asteazkeneko albistea Euskeria koruan ingurukoa izan da, Edinburgora bidai bat egin behar zuten egunean bertan eta arratsaldeko 7etan, busera igo baino lehen, abestu egin zuten. Nik albistea idatzita nuen baina 7etan abesten zutenez ez genekien zein ordutan helduko ziren irudiak eta oso berandu heldu ziren. Oso urduri nengoen, nire Arrasatera doan azken busa 8.30etan irteten delako eta ia 8ak ziren. Hala ere, irudiak onak ziren eta azkar editatzea lortu nuen.
Osteguna, urriak 25
Asteko azken eguna eta atzoko gauza berdina gertatu zait gaurkoan, Otto Pette liburuaren urteurrena ospatu dute Andoaingo kultur etxean eta oso berandu izan denez, ez dira irudiak heldu. Atzo, egin ahal izan nuen baina gaurkoan eskerrak gure lankide Monikak lagundu didala. Nik testua idatzi eta berak irudiak muntatu ditu. Nire beldurra izan da, kasu honetan, irudiak eta hitzak ez koadratzea. Gehienetan hitzetan oinarrituz editatzen dudalako bideoa, koherentzia izateko. Hala ere, Monikak oso lan ona egin du eta bion artean aurrera atera dugu albistea.