Iruñean hizkuntza-paisaia euskaraz, SINA EZAZU!
IRUÑEAN EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU
Euskara
Iruñeko eta Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta bertan izan dezakeen
garapenaren baitan bakarrik ziurta daiteke bere biziraupena. Euskarak
etorkizuna behar duelako, bizia eta bizitzeko hizkuntza nahi dugulako, ezinbestekoa
da euskararen garapena ziurtatzea.
Zorionez,
nahiz eta Iruñean osoki euskaraz bizitzeko aukerarik egon ez, gaur egun
euskaraz bizi den eta bizi nahi duen jendea asko gara, maiatzaren 15ean agerian geratu zen
bezala. Horregatik, euskaraz bizitzeko baldintzak sortu nahi ditugu eta horretarako ari
gara lanean euskalgintzan.
Norbanako
eta eragile euskaldunok apustu argia egina dugu eta topatzen ditugun traben
gainetik euskaraz bizitzeak ematen digun gozamenak aurrera egitea posible egin
du urtetan. Bada, ibilbide horrek aurrera egiten jarraitzeko eta normaltasunez
euskaraz ikastaroetan parte hartzeko, tramiteak egiteko, erosketak gauzatzeko,
lan egiteko…, azken batean bizitzeko, hizkuntzarentzat
esparruak garatu eta zabaldu nahi ditugu.
Euskalgintzako
eragileok, hainbat jendarte-eragilek zein herritar anonimo ugarik egindako
lanari esker oparoa da euskarari emandako bultzada. Euskaldunon hizkuntza-eskubideak, ordea, ez
daude bermaturik eta alor honetan
erantzukizun berezia dute administrazioek. Horrexegatik, interpelazio zuzena
egin nahi diogu Iruñeko Udalari gutxien-gutxienik ildo konkretu hauetan neurri
zehatzak hartu eta eskubideen urraketa konponbidean jar dezan.
- Hizkuntza-paisaian
euskarak dagokion tokia izatea.
- Eskaintza
kulturalean eta aisialdikoan euskarak dagokion tokia izatea.
- Zerbitzuetan
euskarak dagokion tokia izatea.
Honetara
bildutako eragileok (AEK, Administrazioa Euskaraz Taldea, EHE, IKA eta
Sortzen-Ikasbatuaz) nork bere esparruan euskararen berreskuratze eta
normalizazioaren alde egiten dugu lan. Alabaina, guztiok helburu horiekin bat
egiten dugulako, maila orokorreko ekinbidean
beharrezkoa da guztion indarrak biltzea
eta eragile moduan —Iruñeko
euskalgintza— agertzea.
Euskararen
geroa eta benetako normalizazioa lortzeko ezinbestekoa da guztion arteko
lankidetza: erakunde instituzionalak, mota guztietako eragileak eta
norbanakoak. Guzti-guztiak bide horretara gehitzera animatzen ditugu.
Iruñean
abian jarriko den dinamika honetan lehen lan-ildoa hizkuntza-paisaiarena da. Dagoeneko
Iruñeko paisaiaren diagnostikoa egin dugu eta datuak kezkagarriak izan dira: hizkuntza
eskubideak urratzeaz gain, legea ere ez da betetzen. Baina ez hori bakarrik,
indarrean dagoen legeak berak ez du euskararen normalizazioa bilatzen,
itxurazko presentzia “orekatua” baizik. Eta itxurazkoa diogu, bi
arrazoirengatik:
- Ordenantzak
bi hizkuntzak agertu behar direla dio (eta hau maiz ez da betetzen), baina
ez du zehazten presentzia horrek nolakoa izan behar duen: honek euskararen
agerpen anekdotikoa izatea bideratzen du.
- Hizkuntza
bat minorizatua denean, benetan normalizatzeko helburua badago, nagusia
den hizkuntzak baino bultzada handiagoa behar du indartuko bada.
Kezkagarria
ere, hizkuntza-paisaiak ahotsik gabe ozen hitz egiten duelako: kale izenen plakek,
norabidezko seinaletikak, errotulazioak, kartelek eta hainbat elementuk osatzen
dute eta herritarrongan duen eragina handia da, modu subliminalean mezu ugari
transmititzen baititu. Hizkuntza-paisaiak nolako hirian bizi garen adierazten
digu, hiri euskaldun edo erdaldunean; hizkuntza-paisaian tokiko hizkuntza
agertzen ez denean, euskaldunok osatzen dugun komunitatea bere osoan estaltzen
da; hizkuntza-paisaian euskara agertzeak edo ez bere prestigioa eta balio
soziala zein den adierazten du. Euskarak hizkuntza-paisaian toki duina ez
izatea are eta larriagoa da berau baztertzea erabaki duena administrazio
publikoa bada, herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen baitira.
Administrazioek, gainera, gizartearendako erreferente eta aitzindari izan behar
dute, gizarteari jokabide konkretu bat transmititzen ari baitzaizkio. Beraz,
Iruñera etorrita, bere hizkuntza paisaian euskara gutxiestean Iruñeko Udala
euskaldun komunitatearen gutxiestea transmititzen ari da, herritarren
jokabidean eraginez.
Gauzak honela, eskaera
hau egiten dugu:
1.
Hizkuntza-paisaia erregulatzeko indarrean dagoen Euskararen Ordenantza zorrotz
aplikatzea.
2. Udalaren ardurapeko hizkuntza-paisaian euskarak lehentasunezko tokia izan
dezan, egungo ordenantzan egin beharreko aldaketak egitea.
3. Aldaketa horiek egiteko bidean Iruñeko Udala eta euskalgintza elkarrekin
aritzea.
Eskaera
hauek aurrera egin dezaten Iruñean euskaraz bizi nahi duen oro sinadura
bilketan parte hartzera deitzen dugu. Horretarako aukera Iruñeko AEK eta IKAko
euskaltegietan izanen du.
AEK,
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA, EHE, IKA eta SORTZEN-IKASBATUAZ
Iruzkinak
Utzi iruzkina: