Zeinen gustagarria txakur jabe batzuekin mundua konpartitzea

No profile photo Lutz Long jauzilariaren toalla | 2007-11-12 11:55

Duela hilabete batzuk bizi izan nuen eszena hau ekarri dit gogora atzoko gertakari batek:

Donostiako haur jolaserako parke horietako batera, txirristak, kolunpioak eta horrelakoak umez josita dauden horietako batera, bikote gazte bat iritsi da, umetxo batekin eta bi txakurtxorekin. Hasi da umea tramankuluetan jolasean, eta txakurrak besterik gabe aske uzten dituzte, umeen artean lasterka eta bueltaka.

Haur parke horretan (Donostiako guztietan bezalaxe) kartel handi bat dago, “txakurrak galarazita” edo antzeko zeozer dioena, logikoki.

Halako batean, ibiltzen ikasi berri duen nexka txiki batek estropezu egin du txakurtxo batekin, edo hobeto esanda, txakurtxoak estropezu egin du nexkarekin. Nexka lurrera erori da, zalaparta handiz. Etorri da ama bere umetxoa altxatzera, eta gogor begiratzen die txakurren jabeei, baina ez die ezer esaten.

Ni ere begira jarri natzaie, eta kartela seinalatzen diet. “Que!” esaten didate, mespretxu aurpegi aspertuarekin. Nik, ixilik, berriro ere kartela erakusten diet, txakurrarena dioen esaldian bereziki, eta gero beren txakurrak seinalatzen ditut. Keinu bat egiten dute, ni pikutara bidaltzeko-edo. Nexkaren ama etorri eta “uztazu, uztazu” esaten dit.

Eta nik, kaiku honek, utzi egiten dut kontua, ez dut iskanbilarik nahi. Are gutxiago zentzu minimo bat erakusten ez duen jendearekin. Jakina, horrelako jendearentzat faszista paranoide batzuk gara txakurren jabeei atentzioa deitzen diegunok, nahiz eta arauak hausten dituztenak beraiek izan.

Eta hori dena etorri zitzaidan atzo gogora; izan ere, haur jolaserako parke horretan, jolasean ibiltzeko belarditxo bat dago, umeak korrika, saltoka, futbolean, zilipurdika jolasean ibil daitezen. Atzo, belardi horrek bi txakur kaka eder zituen apaingarri. Eta ez da lehen aldia.

Zeinen gustagarria txakur jabe batzuekin bizikidetza lantzea. Uf...

 


Utzi iruzkina: