Tabernak, euskara eta kuadrillako filosofoa
Lehengoan, gogoeta eragin zigun gertaera bat pasa zitzaigun Guardian (Laguardian).
Plazatik kale nagusira sartzean, eliza aldera jota taberna xume bat dago eskuinaldean; bertako ardo beltz gazte ederra ematen dute han, txikito asko hartuz gero beheko ezpainean sedimentu marra uzten duten horietakoa. Gu, Beterriko kuadrilla bat, gure artean euskaraz hitz egiten sartu ginen tabernara, eta barran zegoen ile beltzeko andre segailari “cuatro tintos!” eskatu genion. Andreak, baso lodietan ardoa zerbitzatzen ari zen bitartean, honakoa bota zigun, erdi barrez, erdi errietan: “nirekin ere euskaraz egin dezakezue, nahiz eta zuen mundutik urruti bizi naizen”.
Erdi barrez, erdi lotsatuta: “touché” esan nion. Andreak erdara zuen ama hizkuntza, baina euskara ikasi eta ahal duen guztietan erabiltzen saiatzen den euskaldun berri saiatu horietakoa da. Gure arteko solasaldian, birritan “touché” aitortu beharrean ginela esan nion: batetik, Arabako leku horietan euskaraz ezin genuela eskatu asumitutzat genuelako taberna hartara sartzean; eta bestetik, euskara erabiltzea erraza ez duen euskal hiztun bati aukera hori ukatu geniolako a priori guk, hain euskaltzale omen garenok.
Andrea agurtu eta beste taberna baterantz abiatu ginenean, horri buruz jardun genuen tertulian. Batek zioen ez zela harritzekoa % 95ean erantzun erdalduna jasoko den leku batean inkontzienteki erdara erabiltzea, nahiz eta Euskal Herrian izan. Beste batek zioen ez dela ezer galtzen lehen hitza leku guztietan euskaraz egitearekin, dakienarekin euskal bidea lotuko dugu, eta ez dakienak berehala adieraziko digu ez dakiela eta kitto.
Kuadrillako filosofoak esan zuen eztabaida hori oso zaharkitua zegoela: “total, tabernetan zerbitzatzen izan ditugun espainiar etorkin belarrimotzak hezitzen urteak pasatu ditugu, ‘bi beltz eta pintxo’ bat uler zezaten eta ‘ehun eta hogei pezta’ esan zezaten... eta hori lortu genuenean, hara non orain zerbitzari hegoamerikarrak dauzkagun nonahi, baita herri txiki eta jatorreneko euskal taberna tipikoenean ere. Nik amore eman dut jada, eta, zerbitzaria euskal hiztuna dela ezagun ez badut, erdaraz eskatzen dut. Barka diezadatela zerbitzari euskaldunek... eta noski, barka diezadala Guardiako zerbitzari euskaldun horrek ere... baina bueno”.
Eta handik aurrera, gure berriketaren maila guztiz jaitsi zen, ezpaineko marraren bila tabernaz taberna egin genuen jardun luzean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: