Sagardotegiak tradizio tenplu omen dira

No profile photo Lutz Long jauzilariaren toalla | 2007-04-10 14:49

Orain dela ehun (ehun eta berrogei, berrehun) urte baino lehenagoko sagardo edaleak autobusean joaten ziren sagardotegietara, sagardotegiak sustatzeko udalek eta diputazioak egindako folletoak irakurtzen zituzten, ezin zuten beren jakirik bertara eraman eta derrigorrez sagardotegiak saldutakotik jan behar izaten zuten, otordu osoa zutik pasatzen zuten (baita erreumak jotako aitonek ere), aluminiozko kupelak zituzten maiteen, ... eta zer dakit nik, pixa egin eta eskuak garbitu ondoren eskuak lehortzeko haizagailuaren botoia sakatzen zuten. Sagardotegiek Santa Teresaren beso ustelgaitza bezalaxe mantendu baitute tradizioa ordutik hona.

Zertara datorren txorakeria hau?

Hara: gure kuadrillako bat nahiko kaikua da eta ez zaio sagardoa gustatzen... horregatik, sagardotegira gurekin joan nahi izaten duen apurretan (ez diot zentzurik aurkitzen, baina etorri nahi izaten du), bere ardo botila eskuan duela azaltzen da. Beti aldez aurretik deitzen du sagardotegira, botila eraman dezakeen edo ez galdetzeko, eta baiezkoetan bakarrik etortzen da gurekin. Aurrekoan, ordea, ahaztu egin zitzaion deitzea, eta ardoa ikusi orduko, di-da agertu zen sagardozalea, ardorik onartzen ez zuela esateko. Horra arte, ados, ez dut nik ezer kontra, inola ere, norberak jakingo baitu bere negozioa nola eraman. Guztiz libre da nahi duena egiteko bere etxean, eta bezeroak ere onartu behar du establezimendu bakoitzak bere joko arauak dituela eta errespetatu egin behar direla; hortaz, nire lagunak egin zuen huts.

Hala ere, nagusiak nahikoa zuen “hemen sagardoa besterik ez da edaten” esan izan balu, besterik gabe; baina ez, sagardotegietan hainbatetan entzun behar izaten diren mitifikazio edo sermoitxoetako bat bota zuen: “guk sagardotegien tradizioa mantendu nahi dugu”.

Ondo da. Tradizioari eustea bada kontua, nik uste dut libre egon beharko lukeela etxetik ekarritako txuleta, txitxarroa edo kaxuela afaltzeko aukera ematea (duela urte gutxi arte guk gure jakia eramaten genuen, baina nagusien txapa ez entzuteagatik utzi genion hori egiteari), zutik edo eserita egotea, sagardoa txarroka eta are basoka eman eta kobratzea, sagardotegi askotan (ez denetan, baina bai askotan) ematen dituzten sablazoez libratzea, eta abar eta abar.

Sagardoa eta sagardotegiak biziki maite dituen baten iritzia duzue.


Utzi iruzkina: