Robin Hood basorik gabe

No profile photo Lutz Long jauzilariaren toalla | 2007-10-16 12:32

Ez, ez dut Errol Flynn-ek pelikula horretan duen estetikari buruz hitz egingo: beste baterako utziko ditut bere orrazkera eta bere galtza estuak.

Kontua da Ingalaterran, munduko ia leku guztietan bezala, natura arnasa hartu ezinik dagoela eta, arnasestu horretan, lekurik mitikoenak ere itotzear daudela. The Guardian egunkariak dioenez, Europako harizti zaharrenetarikoa (1415 inguruko haritzak daude) arriskuan dago: Sherwoodeko basoan dauden haritzak, alegia. Garai batean, urtero ale bakarra galtzen omen zen, azken aldian, berriz, bost galtzen dira urtero.

Diotenez, Gurutzaden garaian, Robin Hood Nottinghameko gazteluko atzeko atetik zuzenean Sherwoodeko basora sartuko litzateke, eta, hura zeharkatuz, arbola artean ezkutatuta Sheffielderaino iristeko aukera izango luke (ez dakit ze distantzia dagoen batetik bestera, baina asko izango da, hala badiote). Gaur egun, hiru milia besterik ez lituzke egingo ezkutuan, herrigunak, ikatz meatzak eta nekazaritza soroak zeharkatuz egingo lukeen bidean. Sheriffak ez luke aparteko lanik izango legez kanpoko horiek denak bilatu eta giltzapean sartzeko!

Basoa biziberritzeko plana egin dute, antza, eta espero dezagun Robinen galtza estuak begi bistatik kentzeko adinako arboladia behintzat dutela. Hala bedi.


Utzi iruzkina: