Kutrekeriak sortutako lilura

No profile photo Lutz Long jauzilariaren toalla | 2007-09-27 13:08

Telebistan ‘aditua’ omen den Pepe Colubi xelebreak teoria bat landu zuen duela urte batzuk: "Kutrekeriak sortutako liluraren teoria" (Teoría de la fascinación por lo cutre). Telezaborra arbuiatzeko eta, aldi berean, grina handiz dastatzeko dugun barne sena salatzen edo miresten, edo besterik gabe azaltzen, duen teoria da.

Ni lilura horretan guztiz murgilduta nagoela frogatzen duten telebista programa asko eta asko daude. Aldiz, telebistatik kanpo ere, esango nuke teoria bitxi hori guztiok dauzkagun hainbat joera ezkutagarriren oinarria dela, dudarik gabe. Horrela ez bada, ezin baitut esplikatu zer-nolako lilura sortzen didaten tuna zahitsu horiek eta, bereziki, bertako pandereta jotzaile kalifikaezinek.

Badakit tunen bizkar barre egitea mimoak deitoratzea bezain topikazoa dela, baina, uzkian ileak aspalditik dauzkan horrelako gizaseme lotsagabe (adiera literalean = lotsa + gabe) bat bere jauzi eta tximinokeria panderetadun txundigarri horiek egiten hasten denean, ezin dut begirada baztertu, barne muinetan nire onetik ateratzen nauen arren.


Utzi iruzkina: