Kontxako banderan zergatik donostiarrak?

No profile photo Lutz Long jauzilariaren toalla | 2007-08-29 09:55

Badator Kontxako estropada, arraun munduko estropada nagusia, gailurra. Aurten ere, izango da zeresana traineru donostiarra dela eta ez dela, eta zer edo zer esan nahi nuke urtero-urtero donostiarroi buruz errepikatzen diren hainbat topiko gogaikarriren inguruan.

Hasteko, onartzen dut ez dela atsegina hasiera hasieratik atze-atzean geratzen den traineru baten ikuskizuna (azken urteotan pasa den bezala) eta kategoria kentzen diola estropadari (eta Donostiako klubei berei). Donostiako klubek dute ematen duten itxura horren ardura, eta zerbait egin beharko lukete hori konpontzeko (udala behingoz serioski laguntzera animatu denean ere, ez dira gauza izan ezer itxurosorik egiteko)... eta errendimendu duina emateko gauza ez direnean, parte hartzeari uko egin beharko liokete, duela bi urte egin zuten bezala.

Hori alde batetik. Baina, bestalde, donostiarrek besterik gabe lekurik izan beharko ez luketela diotenek ere, gauza asko izan beharko lituzkete kontuan. Estropada eguneko poteoan herri askotako zaleekin hitz eginda, goitik-beherako begiradak, topiko aspergarriak, eta errespetu falta handiak ere entzun behar izan ditut, ezjakintasunaren ahotik, gehienetan.

Askorentzat Donostia hutsaren hurrengoa da kirol honetan, ez da arraun herri autentikoa, eta “betidanik” erridikuloa egin du Kontxan. Beno, Donostia historikoki erreferentea izan da arraun munduan, onenetakoa izan zen arrantza jarduera goi mailan mantentzen zuen urteetan, arrantza kuadrillek osatzen zituztelako traineruak (XX. mendeko erdira arte). Bestalde, arraunketa olinpikoaren aitzindari ere izan da Donostia, 1920.ko hamarkadatik bertatik. Eta, ez da hain atzera joan behar, azken 10 urtera arte donostiarrek maila oso duina eman dute: oso ohikoa zen bi donostiar izatea Kontxako banderan lehian, sailkapen estropadan bere lekua irabazi zuelako bigarrenak.

Beste batzuen ustez, Kontxako estropadaren famaz “aprobetxatu” nahi du Donostiak. Arraunaren olinpiadaz. Fama hori airetik edo zerutik etorri izan balitz bezala.

Hau ez da olinpiada, hau Kontxako bandera da, Donostiako bandera. Donostiak ehun urte baino gehiagoz lan egin du estropada hori orain dena izan dadin lortzeko. Kirol honek bizi izan zituen urte latzetan, 50. hamarkadan adibidez, estropada jarduna ia ahaztuta zegoen urte horietan, beste hainbat herri (denok dakigun salbuespen onrosoez aparte) arraunaz batere arduratzen ez ziren garai horietan, Donostiak herriz herri egindako lana (kuadrillak bildu eta Kontxara etor zitezen konbentzitzeko, sari itxurosoak proposatzeko) badirudi ez dela aitortu ere egin behar.

Egia da lan hori dena Donostiari komeni zitzaiolako, hiriari sona ematen ziolako, egin zela, baina baita ere kirol hau maite zuten agintari askok lana latz egin zutelako ere. Zenbat bandera jokatzen ziren garai haietan? Zenbat herrik hartzen zuen kirol honi bultzadatxo bat emateko eta sos batzuk emateko buruhauste arina?

Eta, hala ere, halako goitik-beherako begirada batzuk ere sentitu behar dira kirol honetara atzo goizean iritsitako batzuen eskutik. Ken daitezela orain donostiarrak paretik, traba egiten dute eta! Ja. Ba ez, Kontxako banderaren historiak bere nondik-norakoa izan du, bere izaera propioa eta bakarra du, eta donostiarrek eskubide osoa dute bertan zer egin erabakitzeko.

Hori bai, kirolak aldaketa sakonak izan ditu, eta nire iritzi pertsonala da donostiarrek beste edozein klubek bezala parte hartu beharko luketela sailkapen estropadan, eta, horrela erabakitzen ez badute, ez luketela parte hartu behar beste lehiakideengandik oso hurbil egongo ez diren urteetan.

Baina topiko txoroak, utzi alde batean, arren.


Utzi iruzkina: