Didon-Didonié, joko donostiar gaskoia

No profile photo Lutz Long jauzilariaren toalla | 2007-07-05 09:21

Ezaguna da Donostian –Pasaian eta Gipuzkoako ipar ekialdeko beste hainbat lekutan bezala– garrantzi handikoa izan zela eragin gaskoia. Eragin hori lausotuz joan da mendeetan zehar, eta, gaur egun, toponimoetan (Monpas, Urgull, Enbeltran, Sagues, Puiuelo –gaur egun, Fermin Kalbeton izena du kale horrek, herri ondarea hankapean hartu zuen erabaki ilustre baten ondorioz–, eta abar) eta zenbait abizenetan utzi duen aztarnaz aparte ez da ia ezer gelditzen.

Agustin Anabitartek, Donostia liburuan (1930), XIX. mendean Donostiako kale sagardotegietan ohikoa zen joko hau azaltzen digu:

“Ordea, norbaiteri, xamurkeriak alde batera utzita, sagardo-txanda nork pagatu «Didon, Didonié»-ra jokatzea otu zitzaion.

Ona nola aritu ziran. Xanti jarri zan agintari. Ezkerretik asita eskubiraño izen auetxek jarri zien mendez-mende: Didon, Didonié, Xarbon, Xarbonié, Ximon, Ximonié.

Xanti asi zan: «traballé titu», ta guztiek beatzarekin tiki-taka eten gabe jo bear zuten mai-baztarra. «Reste-la Didonié» esaten ba-zuan, Didonié-k beatza altxa ta ura ezik gañerako guztiek joka jarraitu bear zuten. Urrena «traballé Didonié», ostera Didonie asi; «reste-la Ximon», Ximon geldik; «reste-la titu» esaten ba-zuan, guztiak geldi ta Ximon len bezela. Norbaitek agindu bezela berealakoan egiten ez ba zuan, tanto bat galdu ta ainbeste tanto galduz geroz sagardoa pagatu.

Agintariak beti kantari egon bear du: Didon, Didonié, Xarbon... eta berak ere maia jo oi du. Alako batean «reste-la Xarbonié!» eta abar.

Joku ori, noski, gaskoin-jokoa da.”


Utzi iruzkina: