Bizitzaz gozatu, koño!!!
1) Adiskide bat India aldetik itzuli da, oporretan izan eta gero. Bide ez oso komertzialetatik ibili omen da, eta bertan ikusi duen miseria kontatzen ari zela, honakoa bota digu: “han konturatzen zara ze suertea dugun, han ikasten duzu hozkailua ireki eta jogurt bat jan ahal izateari benetako balioa ematen”... (!!??). Ez da horrelako “sermoiak” entzuten ditudan lehen aldia, eta beti mingainari kosk egin diot, edukazioz-edo.
Nik ere ez dut psikologo merkearen sermoirik botako, baina benetan miseriaz inguratuta ikusi behar duzu zeure burua, mundu honetan pribilegiatu batzuk garela ikusteko? Ez duzu telebista ikusten, ez duzu egunkaririk irakurtzen? Gure behar oinarrizkoenak ez dira arazo guretzat, eta gainera milaka plazer, aukera, ikuskizun, gozakizun, entretenimendu xume dauzkagu eskura. Jakina egunero txorrada eta txikikeriez kexatzen ibiltzen garela, gure izaeran dator hori; baina, zinez bizitza eroso eta atsegina dugula baloratzen ez duenak arrazoi gehiago izango ditu txikikeria horiek handi bihurtzeko, eta bertan itotzeko.
2) Nire ezagun batek estetika operazio batean arazoak izan dituela esan didate. Ebakuntza ondoko konplikazio batengatik, luzaro egongo omen da ospitalean, eta, seguruena, operazio gehiago beharko ditu, konplikazio horien ondorioak ezkutatzeko eta are gehiago hasieran nahi zuen emaitza lortzeko.
Goian esandakoaren haritik, latza da gero konstatatzea ze dedikazio (eta diru) gutxi eskaintzen dioten batzuk bere gogo egonkortasunari, burua aireatzeari, lagun hurkoarekin gustura egoteari, daukaguna apreziatzeari eta, oro har, bizitza gozatzeari... eta zenbat, ordea, ximur pare bat eta hiruzpalau mitxelin kentzeko buruhauste ezin larriagoei (osasuna eta bizia arriskuan jartzeko moduan, gainera).
Iruzkinak
Utzi iruzkina: